Suitzako Itzulia
Antonek ikasi du Arrateko lezioa
Suitzako Itzuliko bigarren etapa irabazita, lider jarri da bizkaitarra. Dimitry Fofonov nagusitu da Dauphine-Libéré-ko azken etapan
Arnaitz GORRITI | BILBO
Pasa den igandean, Arraten, ahoko zapore mikatzaz joan behar izan zuen etxera Igor Antonek, Usartza gainetik Arrateko santutegira jaisten ari zela Eros Capecchi italiarrak berak esku-eskura zuen garaipena ostu ondoren. Atzo, berriz, Suitzako Itzuliko bigarren etapan, galdakaoztarrak Arraten sartu zitzaion arantza atera zuen. Hala, etapa ez ezik, sailkapen nagusiko lidertza ere eskuratu zuen bizkaitarrak.
Izan ere, bere unea itxaroten ongi baino hobeto asmatu zuen Antonek. Suitzako Itzuliko bigarren etapak lehen mailako Flumserberge mendatean zuen amaiera: hamar kilometroko igoera gogorra, 197 kilometroko ibilbideari amaiera jartzeko.
Dena dela, bigarren etapako protagonista Ag2r taldeko Martin Elmiger izan zen, bezperako esfortzutik ongi errekuperatu baitzen, antza. Hala, 47. kilometroan txirrindulari suitzarrak aurrera jotzea erabaki zuen, eta tropelaren baimenarekin, azken mendi magaleraino bakarrik iritsi zen. Une batez, gainera, nahiz eta bere balentria oso zaila izan, helmugara bakarrik irits zitekeela zirudien, etaparen erdialdea pasa, eta ia 18 minutuko abantaila lortu baitzuen tropelarekiko. Dena den, ibilbide gorabeheratsuak eta nekeak Elmigerren indarrak agortu zituen, eta hamar kilometroren faltan irentsi egin zuen tropelak.
Handik aurrera, etapa eta lidertzaren bila egundoko lehia piztu zen. Jens Woigt, Franck eta Andy Schleck eta Oliver Zauggek ihes egiteko ahaleginak eta bi egin zituzten, baina abantaila handirik atera gabe. Hala, talde txiki bat azken kilometroetara iritsi zen, tartean Euskaltel-Euskadiko Igor Anton zela.
Azken esprintari bizkaitarrak indartsu ekin zion eta, zortzi egun aurretik Arraten ez bezala, ito gabe eutsi ahal izan zionez, etapa irabaztearekin batera, eta lidertza eskuratu zituen.
Dauphine-Libéré
Dimitry Fofonov eta Alejandro Valverde izan ziren Dauphine-Libéréko azken etapako protagonistak. Batetik, Credit Agricole taldeko kazakhstandarra izan zen azken etapako garailea, esprintean Quick Step-eko Van de Walle eta Bouygues Telecom taldeko Trofimov garaituz. Valverdek erraz eutsi zion lidertzari. Euskaltel-Euskadirentzat izan zen taldekako sailkapena.
Circuito Montañés
Azkenik, Circuito Montañés-eko bosgarren etapa izan zen atzo, bi ataletan. Goizean, Polanco eta Torrelavega artean, Saunier Duvaleko Angél Ruiz Madrazo nagusitu zen. Arratsaldean, Renedon hasi eta amaitu zen erlojupekoan Lars Boom nagusitu zen. Etaparen ostean, Roman Klimovek jarraitzen du lider. Mikel Nieve da lehen euskalduna, hamargarren postuan.
Dauphine-Libérén ez du etapa garaipenik lortu, baina lan bikaina egin du Euskaltel-Euskadik. Hala, bosgarren lekuan sailkatu da Haimar Zubeldia, eta Mikel Astarloza, zazpigarren. Horretaz gain, talde laranjak taldekako sailkapena eraman du.