Ezohiko sari uzta bildu zuten arabarrek Euskal Kantu Txapelketan
Deiane Abajos, bakarka, Olatz Goikoetxea eta Esti Olibares, binaka, eta Lutxianotarrak, taldeka, izan ziren irabazle nagusiak atzo Bilbon jokatu zuten Euskal Herriko Kantu Txapelketako finalean. Kantu berrietako sariak Valerie Uhaldek eta Autzin Taldeak eskuratu zituzten, eta ahots ederrenari dagokiona, berriz, Irantzu Rojok. Zazpi herrialdeetako kantuzale asko joan ziren atzo Arriagara, eta bertan entzundakoaz, gustura ateratzeko arrazoirik ez zuten falta izan.
GARA | BILBO
Azken hilabeteotan herrialdeka egin dituzten kanporaketa saioetan sailkatutako 28 bakarlari, bikote eta talde igo ziren atzo Bilboko Arriaga antzokiko oholtzara, zehatz-mehatz, 17 bakarlari, 6 bikote eta 5 talde. Bi ordu eta erdiz kantu bana eskaini ondoren, Carlos Subijanak, Maite Idirinek, Xan Bordazarrek, Itziar Duandikoetxeak, Peio Arregik, Fermin Iriartek eta Josu Bergaretxek osatutako epaimahaiak, puntuaketaren arabera, erabaki zuen sailkapena.
Bakarka, Deiane Abajos arabarra nagusitu zen. Pianoak lagunduta, «Itzalez zeure arima estaltzen» kantu berria kantatu zuen. Bigarren eta hirugarren, berriz, Valerie Uhalde kanboarra eta Iraide Bilbao ugaotarra sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Bikoterik onena, betiere epaimahaiaren iritziz, Olatz Goikoetxea eta Esti Olibares zeanuriztarrek osatutakoa izan zen. «Haizea» kantatu zuten. Ondoren sailkatu ziren Elisa Perotxeta-Iñaki Gereindiain nafarrak, eta Arantza Goikoetxeaundia eta Marta Estanga gipuzkoarrak, hurrenez hurren.
Taldekako sari nagusia ere Arabara joan zen. Izan ere, Lutxianotarrak izeneko taldea izan zen irabazlea. Eta ez zuen epaimahaiak talderik onenari ematen dion saria soilik eraman, baita a capella hobekien aritzen denari ematen diona ere.
Antzezkizun moduko bat eta guzti egin zuten Lutxianotarrek. Modu tradizionalean jantzita azaldu ziren antzezlekuan eta kantatu zuten kantua ere -«Pasaian zezenak»- tradizionala da.
Lutxianotarrak taldearen atzean Arratiako Autzin Taldea eta beste talde arabar bat, Jesus Obrero Ikastetxekoa, sailkatu ziren. Deiane Abajosek, Lutxianotarrek eta Jesus Obrerok eskuratutako sariak kontuan hartuta, ordezkari arabarrek, beharbada, Euskal Herriko Kantu Txapelketako final batean lortutako inoizko uztarik onena bildu zuten atzo.
Kantu berri asko
Txapelketan parte hartzen dutenek abesti tradizional edo ezagunak zein berriak kanta ditzakete. Hala ere, berrikuntza sustatu nahian, kantu berrientzako sari bereziak ematen dituzte epaimahaikoek. Atzokoan, sari horiek Valerie Uhalde lapurtarrak eta Arratiako Autzin Taldeak eskuratu zituzten. Kanboarrak, eskusoinuaz lagunduta, Xan Bordazarren «Amorioa galdurik» kantatu zuen; Arratiako taldeak, berriz, «Ama Lur», erritmo biziko pieza.
Kantu berriei dagokienez, esan beharra dago aurtengo txapelketa benetan oparoa izan dela eta oparotasun hori finalean ere islatu dela. Oparoa izan da parte-hartzaileek kantu berri asko aurkeztu dituztelako, baina baita kantu berri horiek ukitzen dituzten gaiak ezohikoak izan direlako ere.
Epaimahaiak ahots ederrenari eman ohi dion saria Irantzu Rojok eskuratu zuen atzo. «Mendian gora» kantatu zuen barakaldarrak.
Arriagan, giro polita
Finalak batez beste bi ordu eta erdi iraun zuen. Aurkezle lanak Igone Belokik eta Ibone Obietak egin zituzten, arin egin ere.
Arriaga antzokia ia bete egin zen, eta jendeak bertan entzundakoagatik pozik ateratzeko arrazoirik ez zuen falta izan. Parte-hartzaileak, berriz -sailkapenean lortutako postuak postu eta sariak sari-, pozik geratu ziren, beste gauza askoren artean, nekez izaten dutelako Arriaga bezalako «plaza» ederrean aritzeko aukerarik.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak lau urtean behin antolatzen du Euskal Herriko Kantu Txapelketa (helduentzakoa, haurrentzako txapelketa ere bada-eta). Euskal kantagintza zabaltzea eta erakustea, herritarren artean kantuzaletasuna suspertzea eta kantari euskaldun berriak plazaratzea ditu helburu.
Ekimena 1985ean sortu zuten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako kantuzale batzuek. Geroztik bere bidea eginez joan da herrialde guztietan, nahiz eta guztietan ez duen pisu bera. Iparraldean eta Bizkaian omen du pisu gehien. Bizkaian, esaterako, atzoko finalera bidali behar zituzten ordezkariak aukeratzeko, bost kanporaketa «gogor» egin dituzte, eta joan den asteburuan final ederra egin zuten, Basaurin.
Euskal Herriko Kantu Txapelketan, bakarka, binaka edo taldeka, edonork parte har dezake, baldin eta kantari amateurra bada eta diskorik merkaturatu ez badu. Kantuak zaharrak edo berriak izan daitezke, betiere modu herrikoian emanak, hots, ez goiko polifonian-eta emanak. Izan ere, horretarako txapelketa bereziak badaudela ohartarazten du Euskal Kantuzaleen Elkarteak.
Epaimahaiak kontuan izaten ditu doinua, hitzak, ahotsa, kantariaren trebezia, kantuaren ekarpena, berrikuntza eta beste. Parte-hartzaileak, berriz, a capella edo edozein tresnaz lagundurik ari daitezke, baina epaimahaiak, oroz gain, kantua balora- tzen du.
Kantu berrien sariak Valerie Uhalde kanboarrak eta Arratiako Autzin taldeak eskuratu zituzten. Kantu berrietan oparoa izan da aurtengo txapelketa.