GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega

Ormaetxeak ez du bere herrian hutsik egin

p045_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Gipuzkoako Txapelketan ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zuten atzo Orendainen, eta Ormaetxeak ez zuen hutsik egin bere herritarren aurrean, eta garaipena erdietsi zuen.

Bigarren jardunaldi honetan kilotara jokatu zuten, betiko erara, alegia. Segalari bakoitzak ordu erdia izan zuen lanerako, eta amaieran kilorik gehien moztu zituen segalariak lortuko zuen garaipena. Jesus Mari Ormaetxea izan zen garaile.

Atzoko probak, gainera, beste gauza bat ere garbi utzi zuen, izan ere, azkeneko jardunaldian, Etxeberriak ezustekoren bat eman ezean, hemendik bi astera Larraitzen jokatuko duten finalerako zerrenda ia osatuta geratu zen. Atzokoan, Ormaetxeak eta Goikoetxeak lehia estua izan zuten sailetan, baina kiloetan erraz gailendu zen Orendaingo segalaria. Etxean aritzen denean, askotan ezin izaten du berea eman, nerbioak medio, baina atzo denen gainetik agertu zen. Orendaingo segalariak, 2.105,5 belar kilo moztu zituen. Bigarren Arteaga sailkatu zen. Baliarraingoak, 1.927,5 kilo moztu zituen. Hirugarren postuan amaitu zuen Goikoetxeak, 1.877 kilo belar moztuta. Laugarren sailkatu zen Aranalde, 1.812,5 kilo moztuta, eta azkena, Etxeberria geratu zen, 1.684,5 kilo belar ebakita.

Sailkapen nagusian, Ormaetxea doa lehen postuan 13 punturekin; bigarren Goikoetxea 11rekin; hirugarren Arteaga 9rekin; laugarren Aranalde 8rekin, eta azkena Etxeberria 5ekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo