GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Gipuzkoako finala

Irigoienek erraz lortu du bere herrian herrialdeko txapela

Errezildarrak lan bikaina egin zuen, eta hasietarik amaierara menperatu zituen gainerakoak. Beste faboritoak, Ostolatzak, bigarren postuan amaitu zuen

Jon LEUNDA | ERREZIL

Ez zen ezusterik izan atzo Errezilen, eta Aimar Irigoienek erraz jantzi zuen Gipuzkoako txapela, eta alde nabarmena kendu zion gainera, beste faboritoari, Joseba Ostolatzari, alegia.

Atzokoa ez zen jende andana batzeko egun aproposa, futbola, pilota, gauza asko ziren atzo arratsaldean, baina zaleek erantzun ona eman zuten, eta 500 ikusle inguru batu ziren Errezilgo eskolako plazan, eta bertaratutakoek gozatu ederra hartu zuten, beren herritarrak irabazi baitzuen. Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola jaso behar zituzten, eta kirolari bakoitzak hiru minutu izan zituen bakoitzarekin lanerako.

Aimar Irigoien bigarren plazaratu zen, baina horrek ez zion inongo eraginik egin, eta lan bikaina egin zuen, harri guztiekin erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuen. Kopari, 33 jasoaldi eman zizkion, kubikoari 23 eta bolari, berriz, 30. Gainerakoak hortik aparte geratu ziren.

Bere atzetik plazaratu zen Ostolatza, tazoko txapela bereganatzeko beste faboritoa, baina errezildarrak gauzak oso zail jarri zizkion, eta nahiz eta jakin zer egin behar zuen arerio zuzena gainditzeko, ezin izan zuen inoiz haren marka ondu. 31 jasoaldi eman zizkion, kopari, 21 kubikoari eta 27 bolari.

Izeta III.ak ere lan ona egingo zuelako itxaropena bazegoen, eta aiarrak ez zuen hutsik egin, lan ona egin baitzuen, eta hirugarren postua bereganatu zuen. Bere iloba izan zuen aurkaririk gogorrena postu horretarako. 23 jasoaldi eman zizkion zilindro kopari, 18 kubikoari, eta 21, berriz, bolari.

Izeta IV.ak ere lan bikaina egin zuen. Bere osaba estu hartu zuen, eta baten, kubikoarekin, jasoaldi gehiago eman zizkion, 20 emanez; bolareekin, berriz, berdindu egin zuen, eta 21 aldiz berdinduz zuen harria bizkarrean. Hirugarren posturako gakoa, ordea, hasieran egon zen, eta bere osabak baino hiru jasoaldi gutxiago jaso zituen, eta horrexagatik egin zion ihes hirugarren postuak. Izan ere, 27 jasoaldi eman zizkion zilindroari.

Telleria II.a izan zen azkena, baina urnietarrak egindakoari ere ez dago inongo aitzakiarik jartzerik. Bera zen atzoko kirolaririk arinena, eta lan bikaina egin zuen berak ere. 23 aldiz berdindu zuen zilindroa. Kubikoari, berriz, 16 eman zizkion, eta bolari, berriz, 22 jasoaldi eman zizkion. Atzokoan Eizmendi ere aritzekoa zen, baina zarauztarra ez zen izan Errezilen, eta horregatik bost kirolari izan ziren Gipuzkoako txapela lortzeko asmoarekin

 
Hirugarrengoa

Atzoko finalak izan zuen emoziorik handiena hirugarren posturako lehian izan zen, bi senide tartean izan ziren-eta. Azkenean osabak aurre hartu zuen, eta Izeta III.ak amaitu zuen hirugarren postuan.

Jende asko

Atzo arratsaldea ez zen egunik aproposena jende asko batzeko, gauza asko baitzegoen iragarrita, baina harri-jasotzea indarrean dagoela agerian geratu zen: 500 ikusle inguru batu ziren finala ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo