Kronika | Araba Euskaraz
Ametsak badirauela gogotsu erakutsi dute milaka euskaltzalek Bastidan
Bastidarrek bigarrenez hartu zuten atzo Arabako euskararen aldeko jaia. Borondatezko lanari esker antolatu zuten eguna, eta eguraldi nahasiak kezka handia sortu bazuen ere, euriak ez zuen espero adina arazorik eman. Milaka euskaltzale bildu zen festara, eta horiei guztiei eta Bastida Ikastola posible egin duten gainerakoei eskerrak eman zizkieten.
Jasone MITXELTORENA
«Ametsak dirau». Hori izan da Bastidan eta Euskal Herrian azken hileetan aditutako adierazpena. Hitzak ez ezik, atzokoan Araba Euskaraz-en 27. ediziora bertaratutakoek horixe erakutsi zuten; eta euskara berreskuratzeko lanak aurrerapauso handiak eman dituela, eta etorkizunean ere aitzinera segituko duela argi geratu zen atzo. Milaka euskaltzalek bastidarrek prestatutakoaz gozatzeko aukera izan zuten egun osoan. Borondatezko lana ezinbestekotzat jo zuten antolatzaileek: 500 lagunek parte hartu dute Bastida Ikastolaren aldeko festa eguna prestatzeko.
«Zaila izan da. Euria zela-eta, aparkalekuan sartzeko beldur izan da jendea, eta horrek trafiko arazoak sortu ditu. Antolatzaileok bagenekien prestatuta zegoela, baina beharbada komunikazio arazo bat izan dugu», jakinarazi zuen Anjel Olalde, aurtengo edizioaren koordinatzai- leak. Izan ere, euria egiten eta atertzen, hala eman zuen goiza, eta dena ongi aterako ote zen beldurra izan zuten bastidarrek. Hala ere, jai giroa eta normaltasuna nagusitu ziren bost kilometrotan prestatutako ibilbidean. San Gines parkean eratu zen bira, Toloño mendizerraren magalean. Ingurune horrek merezi duen babesa emate aldera hainbat neurri hartu zituzten.
Denetarik hiru gunetan
Inguru horrek naturgune babestuaren izendapena du, eta soroz eta mahastiez osaturiko paisaia ederraz gozatzeko aukera izan zuten euskaltzaleek. Asfaltatu gabeko bidean oinez egindako biran, hiru festa-gune zeuden prestaturik: lehenengo eremuan musika nagusitu zen 11.30etik aitzinera; Sarkor, Goberners, Txapelpunk eta Etsaiak taldeak aritu ziren arratsalde erdi parteraino. Bigarren gunea, lasaiagoa izanik, familientzat prestatua zen bereziki. Haurrentzako jokoek nahiz Eusko Labelak aitortutako kalitatezko pintxoek hartu zuten tokia. Hirugarren gunean berriz, kale-animazioa, haurrentzako tailerrak eta ludoteka, artisau azoka eta beste hainbat ekitaldi izan ziren. Koko eta Moko pailazoek euskaltzalerik txikienak barrez jarri zituzten, eta helduagoek ere izan zuten irribarre zabala egiteko aukera bertsolariekin, «Kanpanolue» ikuskizun parte-hartzailearekin, Tapia eta Leturia taldearen emanaldiarekin eta antzezlanekin.
Olaldek adierazi bezala, «etekin ekonomikoez harago, Bastidan lortutakoa handia dela nabarmen geratu da. Honen tamainarako, handia izan da aurtengo Araba Euskaraz». Jaiaren koordinatzaileak 27 urtetako ibilbidea gogorarazi zuen, orduan hasi baitzen Gasteizen ikastolen aldeko festa. Bastida Ikastolak ere 26. urteurrena beteko du aurten. Errioxatik hain hurbil egonik, Arabako Errioxan, oro har, euskararen egoera zaila dela azaldu zuen Olaldek. Hala eta guztiz ere, errealitate bihurtutako ametsak ikusgarriak dira; 1981ean Araba Euskaraz lehen aldiz ospatu zenean Bastidan zenbatutako euskaldunak %2 ziren, eta egun, ordea, %25 izatera igo da kopurua. Aldi berean, Errioxatik hain hurbil egonik, ikastolak hartutako eremua mugaz gaindi zabaldu dela jakinarazi zuen Olaldek. Izan ere, han bizi diren familia euskaldunek ere Bastidara bidaltzen dituzte beren seme-alabak euskaraz ikasteko. Arabako Errioxan «euskara komunikazio tresna izatea» pozgarria zaio koordinatzaileari.
Sei omenduak
Atzokoa bezalako festa batean ezin ahaztu hori guztia posible egin dituztenez. Horregatik, omenaldia eskaintzea erabaki zutenean, nolabait ere, hainbat sektoretako ordezkariak bildu nahi izan zituzten. Bastidako elkarteei zuzendutako omenaldia jaso zuen Marrate Musika Taldeko zuzendari den Juanma Sáezek. Ostalaritzari dagokionez, Jatorra jatetxeak jaso zuen aitorpena, erretiratuta dagoen Pili-ren bidez. Enpresen ordezkari gisa Sorauren ardandegia goraipatu zuten. Udaletxeari ere aitortu zioten euskararen alde, Bastida Ikastola lagunduz, egindako ekarpena. Eta nola ez, «ikastolarekin zuzeneko harremanik izan gabe ere beti laguntzeko prest agertu diren bolondresak ere» omendu nahi izan zituzten, eta Patxi Santamaríak jaso zuen eskaintza.
Ez da nolanahikoa Bastida herriak euskararen alde egindako apustua: duela 26 urte ikastola ireki zenean, zazpi lagunentzako klaseak ematen zituzten, eta 2004an, ordea, 100 ikasle eta gehiago izatera ailegatu ziren. Urte hartan ere Bastidan ospatu zuten Araba Euskaraz jaia, ikastola hasi berria zen harentzat bultzada lortzeko asmoz. Duela bi urte, ikastola berria ireki zuten, eta gaur egun, espero bezala, 200 bat ikasle biltzen ditu. Hala ere, datuak gora egiteko joera duela gogorarazi zuen Olaldek; hainbat eskaera bete gabe geratzen da, eta gurasoen eskaera urtetik urtera handitzeak bigarren lerro bat irekitzeko aukera aztertzera bultzatu ditu.
«Aurrera segituko du»
Hein horretan, duela lau urtetik hona emandako gorakada nabarmena izan dela azpimarratu zuen atzoko jaiaren koordinatzaileak. Aurten herrian burutu den festan ikastola berria ezagutzera eman, eta orduan landutakoaren fruituak zeintzuk izan diren erakusteko aukera paregabea izan zen. Antolatzaileek, gurasoek, orohar, Bastidako Ikastolaren alde lan egin dutenek eta Araba Euskaraz-en parte-hartu dutenek, beren jardunari esker sortutakoa ezagutu ahal izan zuten horrela. Horrek guztiak indarra emanik, atzokoa bezalako «bizipena sentitzeak» Olalderi ez dio zalantzarik uzten: «Aurrerarantzean ere segituko du euskal eskolak».
Atzo giro ona eta herrikoia nagusitu ziren. Familian gozatzeko jai xumea izanik ere, garrantzitsua bihurtzen da, testuingurua dela-eta. Horregatik, Euskal Herriko beste herrietatik etor daitekeen laguntza «berebizikotzat» jotzen dute antolatzaileek. Jaiak, datorren urtean ere, Arabako Errioxan segituko du, Oionen, hain zuzen ere.