GARA > Idatzia > Euskal Herria

Parisek Euskal Herria noiz errespetatuko duen galdetuko diote Filloni

Arantxa MANTEROLA |

«Atzo Euskal Herria 2010, egun Euskal Herria 2020, bihar EH 2030... Aski da! Herri bat gira, Euskal Herria onartu!». François Fillon lehen ministroa Pays Basque 2020tik (PB2020) eratorritako Lurralde Hitzarmena sinatzera jiten bada, hitz horiek zuzenduko dizkiotela jakinarazi zuen atzo abertzale talde batek Baionan.

Azken egunetan asko aipatzen da hurrengo sei urterako Hitzarmena gobernuburua presente dela ofizialduko. Hitzarmen hori bera izan zuen, hain zuzen ere, hizpide sentsibilitate ezberdinetako abertzaleek osatutako taldeak. Taldearen izenean, Anita Lopepek eta Mattin Etxeparek, Euskal Herria nazioa dela eta bere eskubideak errespetatu behar direla argi utzita, PB2020 proiektuek Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak hainbat eremutan dituztenen premiei ez diela erantzuten adierazi zuten.

Aurreko Hitzarmen Berezian bezala, oraingoan ere «proiektu asko bazterrean geratu» direla nabarmendu zuten. «Borondate onez esparru askotako jendeak egindako lanak eta ekarpenak ez dira kontuan hartu eta, gainera, tokiko hainbat jauntxok ekimen horiek erabili eta instrumentalizatu egiten dituzte irudi parte-hartzailea emanez» esan zuten, «interes ekonomiko zehatzen araberako proiektuak» bultzatzen dituztela gogoratuta.

Gizartearen eremu zabalak azken urteotan hiru lurraldeen «onarpen politiko-instituzionalaren inguruan etengabe plazaratu dituen aldarrikapenak sistematikoki saihestu» dituztela ere salatu zuten. Haientzat argi dago «egiazko lurralde antolaketa egin nahi bada, euskal gizartearen dinamismoa eta Europako gune ekonomiko nagusietarikoaren baitan -Euskal Herria- izateak duen potentzialtasuna baliatu nahi bada, onarpena eta benetako eskumenak bermatuko dituen markoa behar-beharrezkoa» dela.

Horregatik guztiagatik, abertzaleek Lurralde Hitzarmena ez dela «ez baliagarria, ez onargarria» adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo