Gurean da Bob Dylan ibiltariaren «The never ending tour»
XX. mendeko herri musikan eragin nabarmena izan duen artista estatubatuarrak bigarren gaztaroa bizi du egun eta amaigabeko bira batean sartua, Iruñean joko du, zezen plazatik Anaitasunara aldatu den kontzertuan. Bi egun lehenago, toki berean, Juanes kolonbiarra.
Anartz BILBAO | BILBO
Orain bizpahiru urte Donostiako Zurriola hondartzan eman picnic musikalaren ostean, gurean da berriro Bob Dylan rock & roll ikonoa, Robert Zimmerman jaio -1941eko maiatzaren 24a, Minnesota (Estatu Batuak)-, eta helduaroan kristaututako judutarra. Teklatu atzean jesarri eta ondo babestua izan genuen orduan, gaitz batek gitarra jotzea eragosten baitzion. Alta, aurten Hego Amerikan zehar berriro gitarra soinean dugula ikusi dugu. Bob zaharra sendatu zaigu antza, eta berriro ere gitarra jotzen ikustea espero dugu, Iruñean ikusiko duten zaleen gozamenerako.
Amaigabeko bira batean sartua bizi den Dylan sarri gonbaratu izan dute ijitu ibiltariekin, eta gonbaraketa gustukoa du, antza. Iruñeako kontzertuak Estatuan zehar ematekoa den hamalau datako bira luzearen barne dago eta ondoren helduko diren San Ferminak berotuko ditu. Aurretik, honezkero jakingo duzuenez, Zaragozako Expoan «A Hard Rain´s A-Gonna Fall» kantatuko du, euriak barra barra bota dezan.
Musikari bikainekin jotzera ohitua, azken bisitaldiko banda berak lagunduko omen du honakoan ere «Like a Rolling Stone» himnoaren egilea. Gitarretan, Stu Kimball eta Denny Freeman bakarlaria. Lurrun makina ikatzez elikatzen berriz, George Recile bateria jotzailea eta Tony Garnier baxu jotzailea. Eta BR549 taldetik datorren Donnie Herron musikari trebea, steel guitar eta arrabitan.
Pulitzer saria
Kantutegi zabal baten jabe, eta ezustekorik faltako ez den arren, «Modern Times» azken lanean oinarrituko da zuzenekoa. Gogoratu, bere bigarren gaztaroa hirurogeietan bizi duen musikaria bere garairik onenean agertzen duen «No Direction Home» dokumentu bikaina plazaratu zuela 2005an Martin Scorsese zinemagile ospetsuak.
Zahartzarora heldu ahala gero eta gusturago dagoela dirudien artistak ez du oraindik Literatura Nobelik jaso (behin baino gehiagotan izendatu dute), baina Pulitzer saria jaso zuen iaz, epaimahaiaren esanetan, «musika munduan, eta bere sorkuntzaren indar poetikoari esker, iparramerikar herri kulturan izandako eraginagatik».
Hogeita hamar diskotik gora plazaratu eta miloika saldu dituen artistak hirurogeita zazpi urtetatik berrogeita bost errepidean eman ditu, eta oraindik soka luzea duela dirudi. Minnesotar mirestuaren aurretik Pedro Javier Hermosillak kataluniarrak «Tres y...» aurkeztuko du.
Rock en el Reyno izen ponposo bezain antzuaren azpian Dylanen kontzertua Juanesek bi egun lehenago emango duenarekin lotu nahi izan dute. Kolonbiar kantari arrakastatsuak, Juan Esteban Aristizabal du benetako izena, «La vida... es un ratico» du azken lana, miloika disko saltzen omen ditu eta Iruñeako Anaitasunan arituko da (ekainaren 22an, igandez), eguraldi gorabeherek eta sarrera salmentaren kopuruak areto aldaketa eragin dute-eta. Beroketatxo hauen ostean helduko dira San Ferminak, besteak beste Chuck Berry azeri zaharrarekin.
Aurreko bira teklatu atzean ezkutatuta pasa zuen Dylanek, gaitzak jota, gitarra hartu ezin zuelako. Honakoan berriz, berriro gitarra izango du soinean, zuzenekoaren lehen kantu edo pasarteetan, bederen.
Juanes: Ekainak 22, igandea. 22.00etan. 43/50 euro.
Bob Dylan:
Ekainak 24, asteartea.
20.30ean. 53/60 euro.
Lekua: Zezen plazatik Anaitasunara aldatua (Iruñea).
Hirurogeiko hamarkadan rock musikaren historia aldatu zuen morroiak noraezean eman zituen XX. mendeko azken bi hamarkadak, erdipurdiko lanak argitaratuz, eta bazirudien ordurarteko iturri emankorra agortua zuela. Alta, milurteko berriak suspertu eta grinatsu dago egun Dulutheko artista.
Azken hiru lanak ditu Dylanek aspaldi egindako bikainenak. 1997an «Time Out of Mind» lanarekin indarberritu eta aspaldi ez bezala, berriro ere kantatzea merezi zuten gaiak aurkitu zituen eta ohiko maisutasunarekin kantatu dizkigu, berak baino kontatu ezin dituen moduan. «Love and Theft» plazaratu zuen gero, 2001ean, hitzjoko eta hitz bikainez betea. Orain, 2006ko «Modern Times» du azken emaitza. Garai moderno hauetan atzera begiratzen du Dylanek, eta oroimenez beteriko diskoa aurkeztu. Dulutheko artistak inork baino hobeto dakielako dagoeneko zahartzaroan barneratzen hasia dela. Agian gehiegi litzateke hiru lan hauek «Bringin´It All Back Home», «Highway 61 Revisied» eta «Blonde on Blonde»rekin alderatzea, baina gogoratu lagunok: sorkuntzak ez du adinik.
A. B.