GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Elkartasunaz eta beste

Urruneko kontuetan zalantzarik ez dugun arren, hurbilenekoetan ordea, txinparta batek egundoko sua eragin dezake. Gertaera ahaztu egiten da eta protagonistari begiratzen diogu: ideologiarekin bat bagatoz, solidario; etorri ezean, dotoreki enoratu

Kritika egitea bezain garrantzitsua da txalotzea ondo egindakoan. Une honetan eskerronekoak izateko unea da. Euskal PEN taldeak hainbat atetara jo du eta ate guztiak zabalik topatu ditu. Irango gobernuak bi kazetari kurdu urkatu nahi ditu, Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar eta, zigorra saihestu nahian, Euskal PEN kluba eginahalak egiten ari da Adnan kazetari-poeta, eta Hiwa ekologista sutsua erail ez ditzaten. Ezin bakarrik egin ordea. Horrexegatik jo du bertako instituzioetara, gobernuz kanpoko erakundeetara, alderdi eta gizarte taldeetara, eta guztien aldetik jasotako erantzuna ezin hobea izan da. Gasteizko Eusko Legebiltzarrak eta Iruñeko Foru Parlamentuak emandako hitza betez gero, adierazpen instituzionala egiteaz gain, beste instantzia batzuetara eraman lezakete gaia, alderdien ekimenari esker.

Egia da bi kazetari kurduen kasuak elkartasun espontaneoa sorrarazten duela gure artean. Hain da gordina haien egoera, hain da krudela, hain da nabaria gehiegikeria, hain burugabea salaketa! Ebazpenaren arrazoibide nagusia Moharebebh direla da, hau da, «Jainkoaren etsaiak». Arrazoi nahikoa omen da lepotik zintzilikatzeko hogei metroko garabi batetik. Errebatitzeko zaila da argumentua alajaina, zeren nork ete daki zein den Jainkoaren adiskidea eta zein berorren etsaia. Erraza da, beraz, elkartasuna adieraztea hain injustuki zigortua denari, are gehiago gugandik urrun baldin badago eta gertaera soilik epaitu behar badugu, eta ez injustiziaren subjektua.

Bestelako kontua da gertaeraz gain, haren protagonista ere hartzen badugu kontuan. Demagun Korsika edo Palestinako preso ohi batek bi artikulu idatzi dituela eta, horren ondorioz, 92 urteko kartzelaldia betetzera zigortu nahi dutela. Zalantza gutxi izango genuke elkartasuna adierazteko Ahmad Abdullah-ri demagun, izugarria baita bi artikulu idazteagatik ia ehun urteko zigorra jasotzea. Demagun egunkari bati lehergailua jaurtiki diola talde armatu batek, egunkariaren ildo editorialarekin bat ez etortzeagatik. Kasu honetan ere zalantza gutxi. Argi eta zabal esango genuke egunkariaren ideologiak ez duela justifikatzen bonbaz erasotzea. Hitzari hitza kontrajarri behar zaiola, eta ez dinamita.

Bestelako kontua da preso ohiak Ahmad Abdullah izena eduki baino, Iñaki de Juana Chaos izena badu. Edo egunkaria «Ech chaab» izan ordez, «El Correo» baldin bada.

Urruneko kontuetan zalantzarik ez dugun arren, hurbilenekoetan ordea, txinparta batek egundoko sua eragiten dezake. Gertaera ahaztu egiten da eta protagonistari begiratzen diogu: ideologiarekin bat bagatoz, solidario; etorri ezean, dotoreki enoratu, disimuluz.

Erraza da elkartasuna adieraztea urrunekoari. Honekin ez dut gutxietsi nahi kurduen kasuan jasotako elkartasuna. Inondik ere ez. Esan nahi dudana da hurbileko kasuetan ere besteetan bezain besteko ausardia adierazi behar dela printzipioen alde, eta injustua den zigorra -edo ekintza- salatu, tarteko protagonista nor den kontuan izan gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo