Xabier Mendiguren Bereziartu Kontseiluko idazkari nagusia
Administrazioa euskalduntzea kezkabide
Alferrikakoak dira euskararen erabileraren aldeko mezu guztiak aukerak bermatzen ez badira, euskalduntzea ez bada lortzen, etorkizun euskaldun baterako ikasleak ez baditugu prestatzen
Kezka handiz irakurri dugu Osakidetzak, berriro ere, euskara maila egiaztatu ez dutenei lanpostuak esleitu dizkiela. Eta hau Administrazioaren euskalduntzearen egoeraren adibide bat besterik ez da. Are kezkagarriagoa gertatzen da hori, Espainiako hainbat hedabideren kanpainaren ondoren datorrela ikustean. Hedabide horiek euskara jakin beharra inposizio gisa aurkeztu dute eta ikusarazi nahi izan dute euskara jakitea eta profesional ona izatea ez direla bateragarri. Kanpaina mediatiko horri indar bereko beste batzuk gehitu zaizkio: euskalduntzearen gastuaren ingurukoa, testuliburuei buruzkoa, gaztelania bakarrik ikastearen aldekoa... Mezu horiek, lan-orduetan hizkuntza ikasteko aukera ordaindua izatea amesgaiztotzat jotzen dute, eta hizkuntza ofiziala den euskara jakin beharra inposiziotzat hartzen, EAEn lan egiteko Europar Batasuneko langileek gaztelaniaz dakitela kreditatu behar izatea ezinbestekotzat jotzen dutelarik.
Beraz, esan liteke, euskararen normalizazioaren kontrako kanpaina baten aurrean gaudela eta, gainera, kanpaina hori funtsik ez duten uste eta aurreiritzietan oinarritzen dela, gezurra mila aldiz errepikatuz egia bihurtuko den konbentzimenduarekin. Kezkagarriena, hala ere, ekimen horrek Eusko Jaurlaritzari nola eragiten dion ikustea da.
Gauza jakina da, gaur egun, Hezkuntza Sistema egituratzen duten irakastereduek ez dutela belaunaldi berriak osorik euskalduntzea lortzen. Jakina da Lanbide Heziketan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa dela eta, ondorioz, biharko profesionalak gaztelaniaz prestatzen ari garela. Gauza jakina da, Irakasle Eskolak, oraindik ere, euskara ez dakiten irakaslegaiak prestatzen dituela, eta, jakina da, unibertsitateek ez dutela mende laurdenaren ondotik haien eskaintza osorik euskalduntzea lortu. Alferrikakoak dira euskararen erabileraren aldeko mezu guztiak aukerak bermatzen ez badira, euskalduntzea ez bada lortzen, etorkizun euskaldun baterako ikasleak ez baditugu prestatzen.
Egoera hau aldatu beharra dago, eta laster gainera, denborak itzelezko garrantzia duelako, normalizazio prozesu bat ezin delako in aeternum luzatu. Eusko Jaurlaritzak, ordea, geldi dagoela ematen du, ezinbesteko erreforma eraginkorrei heldu ezinik.
Administrazioari dagokionez, hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzen dira, eta indarrean jartzen diren plangintzak arrakastarako batere aukerarik gabe sortzen dira, euskara ikasi behar ez dutenen kopurua hain handia izanik planek eraginkortasun guztia galtzen baitute.
Gogoan izan, 45 urte izatea nahikoa dela euskara ikasi behar ez izateko eta politikariak eta goi karguak ere salbuetsita daudela. Gainera, erdaldun elebakarrak kontratatzen segitzen dute, ikasten dutenak ez dituzte euskaraz lan egiten duten zirkuituetan kokatzen, derrigortasun-data lanpostuen erdiak ere ez du. Hori da Administrazioaren errealitatea, epe eta norabide ezagunik gabea, juridikoki eta praktikoki baldintzatua.
Euskaldunon eskubideak bi indar dialektikoren artean galtzen ari dira. Batzuk, lotsarik gabe, euskararen normalizazioaren kontra ari dira eta besteak, epel, hizkuntza-eskubideak eraginkorki bermatzeko beldurrez. Ausardiaren eta erantzukizunaren garaia da, ez da nahikoa euskarari bai esatea, «Euskaraz bai»ren garaia iritsi da, euskaraz bizi nahi dugu.