Joan Maria Uriarte Donostiako gotzaina
Jose Antonio Pagolaren «Jesús. Aproximación histórica» lanari buruzko gogoeta
Egilearen elizbarrutiko gotzain izateak demadan erantzukizuna nire gain hartuz, Jainkoaren aurrean eta kontzientziaz, erabaki dut neure egitea zentsorearen «Nihil Obstat»a eta testu berrituari gotzainaren «Imprimatur»a ematea
Gipuzkoako eliztar maiteok: Jose Antonio Pagolaren «Jesús. Aproximación histórica» lanak ezohiko oihartzuna izan du. Zuzeneko lekukotasun asko jaso ditut, bai sinestunenak bai urrunduenak eta sinesgabeenak. Lehenengoek, liburua irakurriz, jarraipenerako deia aurkitu dute lan honetan, bigarrenek bihotzberritzeko bultzada, eta hirugarrenek Jesusekiko eta bere mezuarekiko jakin-mina. Halaber, jakin dut hainbat sinestuni eta artzaini beren fedea nahastu ahal izan dien zalantza eragin diela lan honek eta kritika egin dutela Jesukristo «egiazko Jainko eta egiazko gizon» aitortzen duen doktrina katolikoaren identitatea eta zuzentasuna argi eta garbi gordetzeko ardurak eramanda.
Egilearen Elizbarrutiko gotzain izanik eta gure Gotzain Batzarreko organoekin bat etorririk, aditu eta elizakoak diren pertsonen irizpenak bildu ditut. Jose Antonio Pagolak, irizpen horien argitan, berriro irakurri du bere lana eta testuan kapitulu berri bat eskaini du bere liburuaren izaera argituz eta Jesusekiko hurbilketa historiko bat noraino heltzen den eta zein muga dituen azalduz. Azken kapitulua zabaldu egin du Jesusen historia eta Elizaren fede katolikoaren garapena elkarrekin lotuta daudela garbiago baieztatzeko, eta liburuan zenbait aldaketa erantsi ditu lehenengo bertsioaren pasarte batzuek eragin zitzaketen interpretazioak desagerrarazteko. Bai berak bai nik eskertzen ditugu kritika hauek, hasierako testua itxuraldatu ez, baino nabarmen hobetzen lagundu baitiote egileari.
Jesusen aurkezpen egokiagoa egiteko borondate zintzoz eta kristau elkarte osoari on egiteko benetako gogoz, Batzarraren presidentearekin hitz eginda izendatuak izan ziren eta Elizaren konfiantza betekoak diren bi aditu handirekin egiaztatu du egileak bere lan osoa. Biek esan dute ziur daudela ez dutela aurkitu testu berrituan inolako baieztapenik, ez espliziturik ez inpliziturik, Eliza katolikoak arauemailetzat eta lotesletzat daukan fede kristologikoaren muin-muina urratzen duenik. Hauxe da, halaber, burututako lana zehatz-mehatz aztertu duen gotzain teologo baten ziurtapena. Nire erantzukizuna betez, testu berrituari buruzko txostena eskatu nion zentsoreak esan duenez, «segurtasun osoz eta jakinaren gainean ez duela bertan Elizaren fedetik eta ohituretatik aldentzen den baieztapen bakar bat ere aurkitu».
Izena eta itzala duten testigantza hauen babesean eta egilearen elizbarrutiko gotzain izateak demadan erantzukizuna nire gain hartuz, Jainkoaren aurrean eta kontzientziaz, erabaki dut neure egitea zentsorearen «Nihil Obstat»a eta testu berrituari gotzainaren «Imprimatur»a ematea. Horiek azaldu egin beharko dute hurrengo argitalpenetan. Espero dut horrela lagunduko dudala fede katolikoaren osotasuna gordetzen, eliz-elkartearen ona egiten eta egile-gizonari, makina bat arrazoigatik, zor zaion begirunea zaintzen.
Giza lan oro bezala, berritutako testua ere hobetu daiteke eta irekia dago fedearen muina ukitzen ez duten alderdi batzuei buruz eztabaida kritikoa egin dadin. Elizaren legearen arabera, «Nihil Obstat»ak ez du aurreiritzirik alderdi horiei buruz, ez du printzipioz liburua gomendatzen ere, baizik eta besterik gabe bermea ematen du testuan ez dela fedearen eta ohituren aurkakoa den ezer esaten.
Pentsatzekoa da teologoen eta exegeten harremanak ekarpen berriak egingo dizkiela kristau-elkarteari nahiz, beraren jarraitzaile izan ez arren, Jesusen jakin-mina dutenei eta, hala, lagunduko digutela sakonago aitortzen bera dela Jainkoaren Semea gizon egina eta zintzoago jarraitzen gure Maisu eta Jaun bakar aitortuz.