GARA > Idatzia > Kultura

Lur azpiko Euskal Herria ezagutu ahal izateko «pasaportea» kalean da

«Mugarik gabeko lurpea» egitasmoaren inguruan bateratu dira Euskal Herriko sei leize; Sarako, Oñatiko, Karrantzako, Zugarramurdiko, Urdazubiko eta Astitzeko leizeak hain zuzen ere. «Seigarren kontinente» izena hartu ohi duen lur azpiko mundu hori Euskal Herrian oso anitza dela-eta, harpe guztietan sartzeko aukera emango duen liburuxka kaleratu dute. Hortaz, proiektu horretan parte hartzen duten leizeak prezio apalago baten truke bisitatzeko aukera du bisitariak.

p042_f01_.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Seigarren kontinentea», hala definitu zuten atzo Baionan bildu ziren Euskal Herriko bost leizetako arduradunek lur azpiko mundu iluna. Harpeen xedea mundu ezkutu hori ikusleei zabaltzea delarik, guztien aberastasuna hedatzeko sei leizek bat egitea erabaki dute proiektu berezi baten bidez.

Sarako harpea, Oñatiko Arrikrutz kobazuloa, Astitzeko Mendukilo leizea, Karrantzako Pozalagua kobazuloa, Urdazubiko Ikaburu leizea eta Zugarramurdiko Sorginen Leizea dira, hain zuzen ere, egitasmo honetan parte hartuko dutenak.

«Zorte handia daukagu Euskal Herrian, oso kareharri aberatseko mendigunea daukagu, eta askotariko irudiak eskaintzen ditu», goraipatu zuen Sarako harpeetako ordezkariak.

Eta, aniztasun hori bere osotasunean jendeari ezagutarazteko sei leizeetako arduradunek «pasaporte» bat kaleratu dute. Sei leizeen berezitasunak aipagai dituen gidaliburu horren bidez, prezio apalean, Euskal Herriko lau herrialde horietan zehar «lur azpiko mundua» ezagutzeko aukera eman nahi dute.

«Leize batean sarrera ordaindu ondoren, liburuxka hori eskainiko zaio bisitariari. Pasaporte horrekin beste leizeetan sartzean %20eko beherapena izango du», argitu zuten leizeetako arduradunek.

Irudia gaurkotu

Liburuxka horrek bisitariei koben ibilbidea «jarraitzeko» aukera ematen ziela gaineratu zuten. «Lan talde bat osatu dugu, eta liburuxka hau ateratzeko pausoa emateko hitzarmena izenpetu dugu», argitu zuten, administrazio oztopoen gainetik lorpen handia izan zela adieraziz. Promozio hutsetik at, liburuxka hori finkatzeak bigarren xede bat ere badu, «harpeen modernitatea» ezagutaraztea alegia. Bisitariei egindako inkesten bidez leizeek «irudi zaharkitua» zutela ohartu baitziren.

«Harpeen munduak gero eta ikusle gehiago erakartzen ditu, iraganean gertatu dena jakin nahian. Baina, irudi ilun eta zaharra ematen dugula esaten dute», nabarmendu zuten. Irudi hori aldatu nahian, harpe bakoitzak, bere kabuz, ingurumena errespetatuz berritze lanak eginak ditu. Eta liburuxka modernizazio horren ispilu izatea nahi dute harpeetako arduradunek.

Hala eta guztiz ere, gidaliburua urteko sasoi zehatz batzuetan erabilgarri izango dela azpimarratu zuten arduradunek, ez guztietan: «Bisitari asko ditugun garaietan, hots, udan, Aste Santuan eta jaiegunetan ez dugu liburuxka banatuko», esan zuten azkenik. Gidaliburuaren 400.000 ale kaleratu dituzte dagoeneko, eta gerora egitasmoarekin jarraitzeko asmoa daukatela azaldu dute arduradunek.

Fitxa

Titulua: «Mugarik gabeko lurpea»

Parte-hartzaileak: Sara, Zugarramurdi, Oñati, Astitz, Karrantza eta Urdazubiko harpeak.

Garaiak: Liburuxka irailetik ekainera arte banatuko da sarrerek %20ko beherapena izango dutelarik. Jaiegunetan eta Aste Santuan ez dute banatuko.

Natura eta mitologia goraipatzeko guneak

«Mugarik gabeko lurpea» izeneko egitasmoa martxan jarri duten leizeek hainbat ezaugarri komun dituzte. Gehienetan natura, ingurumena eta mitologia aipagai izaten dituzte. Zugarramurdin sorginak goraipatuak direlarik, Sarako harpeetan Barandiaranen ahotsaren bidez zabaltzen dizkiote ateak bisitariari.

Mendukilon, hiru areto dira ikusgai: Artzainzulo, Laminosin eta Herensugearen Gotorlekua. Ikaburun, Urtxume izeneko ubidea eta historia bat gordetzen da. Pozalaguak, bestalde, interes espeleologiko handia du. Eta, azkenik, koba guztien artean berrienak, hau da, Arrikrutzek Arantzazuko Santutegitik gertuko lur azpian dagoen espeleologia fenomeno eta gune luze konplexuak agertzen ditu. Lur azpiko mundu horiek multimedia sistema berritzaile baten bidez aurkeztuak zaizkio bisitariari . A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo