GARA > Idatzia > Kultura

Euskaltzaindiak euskara eta Pirinioetako gainerako hizkuntzak aztertuko ditu XVI. Biltzarrean

Euskaltzaindiak urriaren 6tik 10era Iruñeko Baluarten egingo duen Nazioarteko XVI. Biltzarra aurkeztu zuen atzo. Bertan bildutako adituek «Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina» gaia izango dute aztergai.

p044_f02_096x108.jpg

GARA | IRUÑEA

Andres Urrutia euskaltzainburua; Andres Iñigo, Nafarroako ordezkaria; Jose Luis Lizundia, Antolakizun Batzordearen burua, eta Joseba Lakarra, Batzorde Akademikoaren kidea, azaldu ziren atzo prentsaurrekoan XVI. Biltzarraren berri emateko.

Lakarrak aurreratu zuenez, Pirinioetako hizkuntza historikoen lehena eta oraina aztertuko dituzte, hots, euskararen, aragoieraren, katalanaren eta okzitanieraren lehena eta geroa. Eta azterketa hori hainbat alorretan egingo dute, hala nola, historian, dialektologian, literaturan, edota toponimian.

Horretarako, unibertsitate askotako hainbat adituren hitzaldiak programatu dituzte. Lehenengoa Michael Metzeltin Vienako Unibertsitateko irakasleak emango du. Antolatzaileek txostenak ere onartuko dituzte eta, horri dagokionez, Lakarrak dei zabala egin zuen atzo ikertzaileek parte har dezaten.

Bestalde, Lizundik nabarmendu zuen Institut d'Estudis Catalans, Association Internationale d'Estudes Occitanes eta Academia de l'Aragonés erakundeetako ordezkarien partaidetza dagoeneko bermatuta dagoela. «Izan ere -esan zuen Urrutiak-, euskarak egun duen espazioa ikertzeko parada ematen digu Biltzarrak eta, aldi berean, historian zehar auzo izan dituen hizkuntza horiena ere. Horregatik gonbidatu ditugu erakunde horiek, horiekin batera landu nahi dituelako Euskaltzaindiak, ez bakarrik euskararen lehena eta oraina, ezpada euskararen geroa ere, Pirinioen bi aldeetako errealitateak aintzat hartuta».

Euskaltzainburuak elkarren arteko informazio eta proiektu trukaketa areagotzeko borondatea azaldu eta zera gehitu zuen: «Halaxe nahiko zuen berrikitan hil zaigun Henrike Knörr-ek. Hari eskainiko zaio omenaldia Biltzarrean, bera izan baitzen ideia honen proposatzaile eta bultzatzaile nagusia».

Iruñea, hizkuntzen hiriburu

Andres Iñigok, berriz, hauxe esan zuen: «Nafarroa dugu Pirinioetako mendilerroaren hasiera edo amaiera, eta Iruñea bera, orain dela 12 mende, mendikate horren inguruan sortu zen lehendabiziko erresuma, eta orduko hizkuntza nola hala bizirik mantendu duena. Arrazoi horiengatik ere egoki iruditu zaio Euskaltzaindiari Iruñea izatea Biltzarraren egoitza. Nafarrentzat pozgarri ez ezik ohore ere izatea espero dugu beren hiriburua aste oso batez hizkuntza horien akademien eta sona handiko ikertzaileen bilgune izatea, baita mendilerro honen inguruko hizkuntzen egungo egoeraren berri emanen duen puntu erreferentziala izatea ere».

2009an, 90 urte beteko ditu Euskaltzaindiak. Urtebetetze biribil hori ospatzeko egingo dituzten ekitaldietatik lehena izango da XVI. Biltzarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo