GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa larunbatean izango da

GARA | ALTSASU

Altsasuko Burunda Pilotalekuak Euskal Herriko XX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala hartuko du larunbat honetan.

Txapelketako prentsa arduradunak, Onintza Enbeitak, azaldu duenez, gaztetxoen sailean, hau da 14 urte bitartekoen taldean, hamalau bertsolarik hartuko dute parte; «bi herrialdeko», hain zuzen ere. Gazteen sailean, berriz, 15-18 urte bitarteko hamabi bertsolari arituko dira. Izan ere, azken maila horretan Zuberoak ez du ordezkaririk lortu. «Ea hori ikusita datorren deialdian Zuberoatik ere animatzen diren parte hartzera», nabarmendu du Enbeitak.

Horiek horrela, goizeko saioan (11.00) gaztetxoak arituko dira eta arratsaldean (15.30) gazteak. Lehenek jartzen dieten gaiarekin agurreko bertsoa egin beharko dute lehenik, lau oina emanda bertso bana. Ondoren, binaka ofiziotako gaian, bina bertso egin beharko dituzte zortziko txikian. Behin ariketa horiek burututa, hamalau bertsolarietatik sei aukeratuko dituzte bigarren fasera pasatzeko. Bertan, zortziko handian eta txikian bertso bana egin beharko dute lehenik eta, jarraian, binaka ofiziotako gaian, bina bertso zortziko handian.

Gazteek, berriz, agur bana modu tradizionalean egin beharko dute eta, ondoren, binaka ofizioka bina bertso zortzik0 handian eta binaka ofizioka hiruna bertso zortziko txikian. Sei gazte sailkatuko dira azken faserako; bertan, puntuari erantzunda eta gaia emanda bi bertso bota beharko dituzte, baita bukaerako agurrak ere.

Sari banaketa arratsaldeko bostetan egingo da Ikastolen Elkarteko, Bertsozale Elkarteko eta Lakuako ordezkarien eskutik. Julen Zelaieta Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazleak ere hartuko du parte sari banaketan.

Epaileak Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula, Bakarne Urreaga, Eneko Bidegain, Jon Abril eta Erik Etxart izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo