GARA > Idatzia > Musika

Euskaraz behintzat «pixka bat» egitea asko ei da

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Azken egunetan, hedabide batzuetan kantu bat edo singlea eta haren klipa entzuteko eta ikusteko parada izan dugu. Marketin kanpaina, oraingoz batez ere, EITB taldeko hedabideei esker ezagutu dugu. Kanpaina diseinatu dutenek kantua eta klipa erakutsi dizkigute soilik. Galderaz beterik eta jakin-minez utzi gaitu kantuak. Nondik agertu da zer? Zer saltzen du? Zer azaltzen du? Zein talderen disko berri iragartzen du? Marketin kanpaina eraiki dutenek argi utzi didate komunikazio atala zoragarri menperatzen dutela. Estrategiak, dena den, galduarazi nau eta bat-batean kanpainaren arrastoa galdu egin dut. Hau benetako zer da? Eta, gezurrezko zer? Agian komunikazio gerrillak erabiltzen ohi dituen horietako fake bat da? Again eldarniatzen hasia naiz? Antisistemikoak eta edozein botereren aurkako gogoetabidea duten guztiak jarduten dira fake-ekin. Fake-a boterearen ahotsa ahalik eta ongien imitatzean datza. Fake egileak komunikazio gerrillaren atal bat baino ez dira. Baina «Pixka bat es mucho» abestia ezin da izan horrelako bat. Ziria sartzeak uneko interferentzia edo subertsio laburretan du oinarri. Nahasketa anabasaren gainean. Disko etxe berri bat sortu da eta ni zur eta lur ezertaz enteratu barik. Nor dago Ukan Records disko etxearen atzean? Begira zer-nolako indarrarekin sartu den musika esparruan (industria esan beharrean). Erreferentziarik eta oinarrizko informaziorik gabe nago; beraz, inolako aurreiritzirik gabeko kantuaren gaineko azterketan barneratu naiz. «Pixka bat es mucho» abestiaren hitzak lanbide mordoa aipatzen ditu, punkiak eta yankiak barne. Ez zait ezer garbi geratu eta uste dut, azken finean, ez duela ostiarik esaten. Pixka bat es mutxo leloarekin geratuko naiz. «Pixka bat es mucho» abestiaren klipak, Alan Parker-ek zuzendutako eta bi Oscar jasotako «Fame» filmaren koreografia kopiatu nahi du, pertsona ospetsuak eta betiko topikoak tartekatuz. CDaren heriotzean biniloa aldarrikatuz. 80ko hamarkadako pop-rock itsaskorra. HABE erakundeak Ukan 2008 kanpainarekin euskara normalizatzeko xedea du eta «Pixka bat es mucho» sortu dute eta plaza taldeak berotu nahi ditu bertsioak egin ditzaten. Nork egin du abestia? Nork kantatu du? Euskal Herriko Milli Vanilli-ak omen direla aitortzen dute. Dena enpresa da eta alderdia enpresa bihurtu dute burukide berriek. Euskaraz «pixka bat» egitea asko ei da. Antzarak ferratzea bezala. Sartu porrua beste nonbait.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo