GARA > Idatzia > Mundua

Misilen aurkako sistema Lituanian kokatzeko aukera aztergai dute AEBek

Misilen aurkako babes sistema buruhausteak ematen ari zaio George W. Bush presidenteari. Txekiarrekin negoziazioak apirilean eman zituen amaitutzat, baina Poloniarekin lortu beharreko akordioa atzeratzen ari da. Hori dela eta, sistema Lituanian jartzea aztertzen ari da.

GARA |

Poloniarekin negoziazioak atzeratzen ari direnez, Ameriketako Estatu Batuek Lituania dute orain jo puntuan misilen aurkako babes sistema bertan ezartzeko. Asteartean, gai horren gaineko eztabaida epea luzatzea erabaki zuen Poloniak. Aldi berean, duela bi aste, AEBetako Estatu Departamenduko John Rood aditua Lituaniara joan zen gaia jorratzeko. Dena den, negoziazioetan ez direla hasi argitu du Washingtonek.

«Polonia ez da gure aukera bakarra. Europako beste zenbait herrialde prest egongo lirateke babes sistema bere eremuan ezartzea baimentzeko. Lituania horietako bat izan daiteke», nabarmendu du Geoff Morrell Pentagonoko bozeramaileak

Europako erdialdean misilen aurkako eta defentsarako bi ezkutu sistema ipini nahi ditu Washingtonek erasoak paira ditzakeela argudiatuta. Poloniako iparraldeko Slupsk eskualdean adibidez, etsaiaren erasoak atzemateko hamar misil interzeptore ipintzeko asmoa du 2011 eta 2013 artean. Txekiar Errepublikan, berriz, horien jarraipena egiteko gunea ezarri nahi du.

Egitasmo horrek Errusiaren haserrea piztu du, sistema bere lurraldeari kalte egiteko erabil litekeelako. Polonian izandako gobernu aldaketaren ostean, negoziazioak moteldu egin dira.

«Presio egiteko bidea»

«Ziur gaude Lituaniarekin aldez aurretik mintzatu direla», adierazi du Poloniako Kanpo Arazoetarako ministro ordeak, Witold Wasczykowskik. Bere ustetan, Lituaniaren kontua Varsovia eta Washingtonen arteko elkarrizketa bizkortzeko «presio bidea» besterik ez da. «Denbora aurrera doala badakite», gaineratu du. Bush presidenteak gaia bukatutzat eman nahi du hauteskunde kanpaina hasi baino lehen.

prestutasuna

«Proposamena luzatzen badigute, alde onak eta txarrak aztertuko ditugu. Misilen aurkako sistema garrantzitsua da Ameriketako Estatu Batuentzat, Europarentzat eta, nola ez, Lituaniarentzat», nabarmendu du Defentsa ministroak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo