Nafarroan ezin direla izen-emateak euskaraz egin salatu dute
Asier VELEZ DE MENDIZABAL |
Estatu espainoleko 2005eko lege batek erregistro zibileko jaioberrien izen-emateak erkidegoetako hizkuntza ofizialetan egiteko eskubidea aitortu bazuen ere, Nafarroako Gobernuak ez du aukera hori bermatzen, beharrezkoak diren mekanismoak ez baititu abian jarri. Hori salatu zuten atzo herrialdeko hainbat hautetsik eta Behatokiko ordezkariek Nafarroako Diputazioaren atarian egin zuten agerraldian.
«Katalunian eta Galizian ume jaioberrien inskripzioak katalanez eta galizieraz egin daitezkeen bitartean, Nafarroan ez da oraindik izen-emateak euskaraz egitea ahalbidetzen duen euskarririk sortu», salatu zuen Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak. Lege horren babesean, Hainbat nafarrek Behatokiarengana jo zuten jaiotzear ziren seme-alaben izen-emateak euskaraz egin ahal izate- ko. Bilbaok azaldu zuenez, eskaera egin zioten, baina Gobernuak ez du oraindik «legea betearazteko euskarririk jarri eta euskaldunoi aitortzen zaizkigun hizkuntza-eskubideak zapaltzen ditu».
Erantzunik eza salatu zuen Arantzako alkate Ainara Maiak ere. «Gobernuko ordezkariek euskarazko bitartekoak izango direla adierazi ziguten, baina ez zuten datarik zehaztu».
Ramon Gonzalez Orbaitzetako alkateordeak azaldu zuen Administrazioko langileek aplikazio informatiko horrekin trebatzeko jasotzen dituzten ikastaroak gaztelaniaz ematen ari direla.