GARA > Idatzia > Editoriala

Itzulera zuzentaraua, behar ez duenarentzat

Espero bezala, Europako Parlamentuak etorkinen itzulera-zuzentaraua onartu zuen atzo, inolako aldaketarik gabe onartu ere, zenbait talde politikoren emendakinak atzera bota baitzituzten. Giza Eskubideen aldeko elkarteen protesta gorabehera, aurreikus zitekeen, izan ere, joan den ekainaren 5ean Europar Batasuneko Barne ministroek onartu zuten, baina horrek ez dio larritasun izpirik kentzen giza eskubideak urratzeko atea areago zabaltzen duen zuzentarau hori onartu izanari. Zuzentarauaren arabera, aurrerantzean etorkinak gehienez hemezortzi hilabetez atxiloturik izan ditzakete, ondoren berme juridikorik gabe kanporatu eta ez dute bost urtean itzultzerik izango.

Zuzentarau horrek etorkinen eskubideak babesteko neurriak biltzen dituela esatea iraintzat baino ezin da hartu. «Paperik gabeko» etorkinei buruzko legeria bateratzeko aitzakian, haien atxilotze eta kanporatze baldintzak gogortzeko neurriak dira-eta batik bat, bizimodu hobe baten bila -sarritan Europako estatuek sortzen lagundu duten gatazketatik ihesi- datozenen eskubide oinarrizkoenak urratzen dituztenak, Europara etortzea delitu larri bat balitz bezala ordainarazi nahi diena. Etorkinak kanporatzeko zuzentarauak nabarmenago utzi du Europaren atzerakada demokratikoa, nabarmenago Europar Batasuneko estatuek ezartzen dituzten arauak merkatuaren interesen araberakoak direla, eta inola ere ez herritar guztien interesen zerbitzukoak, inola ere ez justiziaren zerbitzukoak. Giza eskubideen defendatzaile sutsu gisa agertu nahi duen Europa honek diskurtso huts -eta, antza denez, zaharkitu- batera zokoratu du edozein motatako bazterkeriaren aurkako defentsa.

Itzulera-zuzentaraua etorkinentzako neurri multzoa da, baina inondik inora ez behar dutena, etorkinek ez baitute itzulerarik behar, beren herritik atera nahi ez dutenek atera beharrik ez izateko aukera izatea baizik. Itzulera Europak behar du, giza eskubideen errespetuaren bidera itzultzeko premia gorria baitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo