Ostolazak eta Pujanak maisuekin egin dute topo Lasturko bidean
Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta trikitilari mitikoen errepertorioko hainbat pieza berreskuratu eta «Lasturbidean» izeneko diskoan bildu dituzte Jon Ostolazak eta Rakel Pujanak. Erromerien freskura mantentze aldera, zuzenean grabatu dituzte, Lasturren bertan.
Martin ANSO | DONOSTIA
Gaur egun baino askoz erromeria gehiago egiten ziren garai batean Itziar eta Lastur inguruan. Horietan trikitilari askok hartzen zuten parte, baina, leku gehienetan bezala, denen gainetik nabarmentzen ziren Sakabi, Elgeta, Gelatxo eta Txankarta, hots, trikiti «klasikoaren» lau izar handi.
Jon Ostolaza debarrak, tradizioz eta are debozioz ere erromeria horiekin lotura estua duenak, fenomeno haien errepertorioko hainbat pieza berreskuratu nahi izan ditu. Aukeratu dituen gehienak orain arte inoiz disko batean grabatu gabekoak ziren.
Donostian atzo eginiko aurkezpenean Ostolazak berak argitu zuenez, ez da lan erraza izan: «Jotzen zituzten pieza batzuk gaur egun ere entzuten dira, baina beste asko erdi ahaztuta zeuden, edo zeharo galduta».
Zeinek sortu zuen zein pieza zehaztea ere zaila izan da eta, sarri, ezinezkoa. «Trikitilariek -esan zuen Ostolazak- iturri askotatik edan behar izaten zuten errepertorioa osatzeko, eta lau soinu-jotzaile hauek, elkarri piezak erakusteaz gain, txistularien, musika banden, dultzaineroen, albokarien eta abarren errepertorioak moldatu eta bere egin zituzten».
Argi bila, Epelde, Astiazaran, Laja eta beste trikitilari beteranoengana jo dute. Zenbaitetan, asmatu dute. «Esaterako, hiru zatiko pieza bateko lehenengo bi zatiak txistularien errepertoriokoak zirela argitu zigun Astiazaranek, eta hirugarrena, berriz, berak egindakoa zela, baina beste kasu batzuetan ez dago jakiterik. Adibidez, Epeldek esan zigun pieza jakin bat Txankartarena zela eta Lajak, berriz, Elgetarena».
«Lasturbidean»-eko pieza gehienak instrumentalak dira, baina ahotsa ere sartu behar zutela-eta, Rakel Pujana markinarrak Xabier Kaltzakorta herrikideagana jo zuen. «Soinu txikia gurean sartu aurretik -esan zuen Pujanak-, emakume batzuek, panderoa lagun, koplak kantatzen zituzten. Kopla horiek bildu eta aztertu ditu Kaltzakortak, eta horietako batzuk diskoan sartzea egokia iruditu zitzaigun».
Erromerien freskura
Erromerien freskura islatze aldera, diskoa zuzenean grabatu dute, Lasturren bertan antolatutako bi afalostetan.
Aurkezpen ekitaldian, ondo babestuta egon ziren atzo Ostolaza eta Pujana. Izan ere, Alaitz Telletxeak, Mikel Markezek, Joseba Tapiak eta Trikitixa Elkarteko beste kide batzuek ez zuten huts egin. Tapiak nabarmendu zuen Ostolazak trikitiaren errepertorio klasikoa sakon aztertu duela eta horretan «erabat sartuta» dagoela, eta, gainera, gaur egungo eran jotzen duela, hau da, «birtuosismo» puntu batekin. Horrenbestez, diskoa «dotorea eta entzungarria da oso».
«Lasturbidean» Gaztelupeko Hotsak-ek argitaratu du, txukun argitaratu ere. Horren lekuko da diskoaren liburuxka, argazki zaharrekin ederki hornituta.