Ibaibai, dehe, akujalla, cuentos, ipuinak
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Euskal Herria geroz eta txikiago eta urrunago utziz, arrano erraldoiaren sabel barruan, putzu handia zeharkatu nuen hegan Hego Amerikarako bidean. Amaigabeak bilakatu ziren ordu luzeen ostean, eguzkia lotara sartzear zegoen une berean, burdinazko zubi handi batek zeharkatzen zuen aintzira erraldoi batekin topo egin zuten nire begiek. Maracaibo. Hego Amerikako aintzira handienaren inguruan sortutako Venezuelako bigarren hiririk handiena. Lur azpian sekretupean bizi den petrolioaren aberria. Lurralde hartako oxigenoa arnastu orduko, bero heze eta astuna, turuta hotsa, jaki frijitu usaina eta aintzirako brisa lagun leial izan nituen egonaldi osoan zehar.
«¿Qué pasó con el teatro aquí?» galdera nire ahotan ibili zen egunero eta bertakoen azalpenekin, poliki-poliki, ideia nagusi bat egiterik izan nuen. «Bergación, catirita... ¡Aquí hay mucho de eso!». Hiru dira hiriko antzoki nagusiak: Baralt, Lia Bermudez eta une honetan obretan dagoen Bellas Artes antzokiak. Hiri handi guztietan bezala, badira areto txiki eta alternatiboak ere. «¿Y escuelas de interpretación?» «La berga, de eso también tenemos». Bi eskola daude: bata ofiziala, duela gutxi zabaldu dutena, eta pribatua den beste bat. «¿Y hay muchas compañías de teatro?» «Acompáñeme al Teatro Baralt, señorita...».
Goizeko hamarrak baziren ere, gogor jotzen zuen eguzkiak oilarraren lehenengo kantuarekin batera esnatzen den hiri goiztiarrean. Aire egokituak izoztuta nengoela jaitsi nintzen taxitik eta bero astuna azalean itsatsi bezain pronto, 1883 urtean zabaldutako eraikuntza zuri eta erraldoiarekin topo egin nuen. Sarrerako neskarengana zuzendu nintzen eta ezer ordaindu gabe sartzeko esan zidan, bertako programazioaren %98 doanekoa baita, eta eskailera gorri batzuk igo ostean, haize hotzak sortutako oilo ipurdiarekin batera ikusi nuen antzokiaren barrualdea. Zazpiehun bat pertsonentzako tokia izango zuen gutxi gorabehera eta agertoki gaineko argazki handi batengana ihes egin zidan begirada liluratuak. Erretratu handi bat zen, sortzailea, Baralt, izango zela pentsatu nuen, baina ez zen hori areto hartan zegoen gauzarik ederrena. Begiek ihes egin zidaten berriro, baina oraingo honetan sabaira. Guztia kolorez marraztutako formaz beterik zegoen eta, marrazki erraldoiaren erdi-erdian, pastelaren ginga zirudien lanpara zuri bat. Une horretan itzali egin zen eta iluntasunak guztia bete orduko, haurren oihuek adierazi zuten ikuskizunaren hasiera.
Egurrezko leiho zahar baten atzean, beltzez jantzitako pertsona ikusezinek, indigenen ahozko tradizioko bost elezahar kontatu zizkiguten txotxongiloak erabiliz. Maitasun eta sentiberatasun handiz, euren lur eta kulturarekiko eskabidea egin zuten. Eta ni, kanpotarra, alijuna, hunkituta geratu nintzen. «Y de los cuentos de la tradición popular venezolana, nuestras voces y rostros son prestadas en un acto de amor al Tío Tigre y al Tío Conejo para que murmuren sueños a cambio de sonrisas».