GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Koldo Tellitu Mejia Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakaria

Curriculuma Kursaalean

Goitik behera egindako proiektuek, bestalde, estatuenek alegia, berme handia izaten dute arauetan. Gureak behetik gora egindakoen abantailak izango ditu Gaur egun Euskal Herriaren curriculum propioa, eskola- komunitatearen gauza bihurtu da, baina baita herriarena ere

Datorren larunbatean, ekainaren 21ean, Kursaalen Euskal Curriculumaren alde egingo den ekitaldiaz aipamen ugari irakurri dut egunotan prentsan. Ezinezkoa da halako zerbait gertatu eta ikastolen aldetik ezer esan gabe geratzea. Harria bota duenak ezin du besoa ezkutatu gaia azaleratzen denean. Guk bota genuen curriculumaren harria, ez inoren aurka, noski, harri borobil ibiltaria baita gurea, eta aurpegia ematea dagokigu orain ere, Kursaalekoaren karietara, geure gidoi propioarekin, hori bai.

Eta aurrera joan baino lehen, lehengo aipamenari benetako justizia egiteko, esango dut pozik gaudela, oso pozik, harri ibiltariak bidean tamaina hartu duela, handitu egin dela, osagaiak itsatsi zaizkiola, eta gaur egun euskal eskola-komunitate zabalaren ondarea dela, ez gurea, harena edo bestearena, bakoitzak bere ekarpena egin diolarik.

Baina eskola-komunitatea esan dut eta, hala ote da? Horretara mugatzen ote da ondarearen jabetza?

Egun oso modan dagoen autore bat aipatuko dut, Naomi Klein, eta berak mundu mailan halabeharrez oso modan jarri den beste pertsonaia baten hitzak hartzen dituenez, nik ere haiek baliatuko ditut aurreko galderari erantzuteko. Hillary Clintonenak, jaun-andreok, dira hitzok, eta bere aburuz «herri oso bat eta bere balio tradizionalak behar dira haur bat ganoraz hezteko».

Maileguan hartuko dizkiot hitzok adierazle gisa, Clinton andereari. Heziketa, lehen, eskolarekin lotzen zen. Esan ere irakaskuntza esaten zitzaion. Hortik heziketara igaro zen, zentzu handiz, eta gaur egun barneratuta dago heziketa ezin muga daitekeela eskolara, gizarte osoaren egitekoa dela eta bizi osoko gauza, ez aro batekoa bakarrik. Eta pentsa, badago herriari ere lotzen dionik.

Curriculuma jardun dinamikoa denez, ez garai bati mugatua, askotan esan dugun bezala, eta heziketak eskolaren hormak gainditzen dituenez, hau ere esanda geratu den bezala, zilegi bekio euskal herriari bere balioak oinarri ganoraz heztea bere haurrak. Alegia, herri osoaren egitekoa dela curriculuma. Bide onetik goazela, alegia.

Duela hamabi urte, 1996an, harria biraka jarri genuenean har genezakeen albisterik onena errealitate bihurtu da gaur. Euskal Curriculuma, Euskal Herriaren curriculum propioa, eskola-komunitatearen gauza bihurtu da, baina baita herriarena ere.

Hezkuntza-eragileok diagnosia jarri genuen, marko teorikoa gero, eta azkenik plangintza estrategikoa burutu. Instituzioak ere inplikatu genituen, eta haiekin batera gizarte erakundeak ere bai. Horien ordua da hain justu larunbatekoa.

Euskal Herriari bere osotasunean ez zaio aitortzen komunitate politiko izaerarik, oraingoz, munduko beste herri askori bezala. Horregatik lantzen ari garen curriculumak ez du arau-indarrik izango. Baina sare publikoko zati handi batek, sare kontzertatuko erakunderik handienak, ikastolen mugimenduak, eta beste 22 hezkuntza-eragilek landu eta babestutako proiektuari, nork ukatuko dio zilegitasuna eta eragiteko indarra? Ba al tamaina horretako atxikimendu sozial esplizitua lortu duen curriculumik munduan?

XXI. mendeko Euskal Herriak iraungo badu, mundu modernoan eguneratuta dauden herriekin homologatuta izan beharko du. Horretarako atal asko geratzen zaizkio herri honi lantzeko, funtsezko horietako bat eskolarako curriculum propioa da. Euskal kultur ondarearen oinarrizko adierazpenen aukera egiten dugun neurrian, Euskal Herria eraikitzeko eta hemengo hizkuntz eta kultur komunitatea eratzeko, gorpuzteko, sendotzeko eta garatzeko bideak eraikitzen ari gara.

Goitik behera egindako proiektuek, bestalde, estatuenak alegia, berme handia izaten dute arauetan. Gureak behetik gora egindakoen abantailak izango ditu.

Globalizazio neoliberalari ordezkoa bilatzeko ahaleginetan ari direnek bi kontzeptu, besteak beste, abiarazi dituzte, guretzat oso baliagarriak direnak. «Global think local act», alegia «globalean gogoetatu lekuan-lekuko jardun, edo halako zerbait», dio batek, eta oso ondo datorkigu gurean ereiteko. Eta «herri» zein «jendarte emantzipatuak» da bestea. Curriculumari dagokionez, mundu mailan kasu baterako zein besterako etxeko lanak egin dituzten herrien zerrendan sartu garela esan nahi du aurreko guztiak. Ez al da pozik egoteko modukoa?

Poz hori adieraztera joango gara larunbatean Kursaalera. Euskal Curriculuma eskola baino zerbait gehiago dela maiz esan ondoren, proiektu horretan murgildu diren beste hainbatekin batera uretan bustitzera joango gara. Hau hasi besterik ez da egin eta hurrengo urratsetan egindako lagunartean sakonduz batera adiskide berriak eginez ere joan beharko dugu eta.

Denok gara beharrezkoak Curriculumaren egitekoan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo