GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Gauza itxuraz bitxiak

Krisia? Ez dakit. Gobernuek diotenez, ekonomiaren motelaldia da; hala ere, ekonomia moteltzekotan azeleratuta behar zuen lehenago. Hazkunde ekonomikoaz hitz egiten digutenean, etengabea, konstantea dela esaten dute, gorabeherak izan baditzake ere, baina inoiz ez hazkunde azeleratua dela. Izan ere, bestela hazkunde hori ez zen ehunekoetan puntu bakan batzuetakoa izango, biderkatua baizik. Lehen Munduko gauza itxuraz bitxiak dira, baina badute beren azalpen logikoa. Kontua da bankuen eta enpresa handien ekonomia azeleratuta zihoan aldi berean, gainerako herritarron ekonomiaren abiadura uniformea zela. Motela, alegia. Baina gobernuek berehala eskaini diete laguntza desazelerazioaren biktimei; esate baterako, bankuei eta enpresa eraikitzaileei, gizajoak miseriaren atzaparretan eror ez daitezen.

Europa munduan baitago, bertan ere gertatzen dira horrelako gauza bitxiak. Etorkin ilegalak atxilotu (gehienez 18 hilabetez baino ez, ordea) eta kanporatzeko zuzentaraua onartu berri du Europako Parlamentuak, lehengo antzera, baina modu gogorragoan, itzultzeko gogorik izan ez dezaten. Horrek ere bitxia irudi lezake giza eskubideen lurraldean, baina badu bere azalpena. Giza eskubideen paradisuak eskubideen benetako defendatzailea izaten jarraitzeak ez du esan nahi gaizkileak onartu behar dituenik. Eta ilegal dagoena gaizkilea da, zalantzarik ez. Beraz, etorkinen itzulera edo, filosofikoago eman dezan, betiereko itzulera, lege bihurtu du. Zuzentarau. Bestetik, askatasunen esparrua zabaltzeko bidean, lanaldia 65 ordukoa izateko aukera aurrerapauso handia izan da. Langileek nahi beste orduz lan egiteko aukera izango dute, eta lanaldi luzerik nahi ez badute, lantegitik joateko askatasuna izango dute (bestela esanda, enpresaburuek kalera botatzeko askatasuna dute).

Eta Euskal Herria ere badenez mundu, hemen ere gertatzen dira gauza bitxiak. Azkenaldian, Lehen Munduaren logika bitxian, dozenaka euskaldun epaitu dituzte Madrilen, etorkinen itzuleraren kontra eta betikoen ekonomiaren desazelerazioaren alde daudelako, estatuen larderia salatu dutelako. Epaiketetako huts juridiko nabarmenak ez dira arazo, kazetaritza modernoaren lelo famatua (Pulitzerrena...? MacLuhanena...?) Zuzenbidera egokitu baitute: «Frogarik ezak ez dezala ebazpen polit bat hondatu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo