GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-zulatzea

Trapagaranek denak atzean uzteko aukera paregabea izango du

J.L. | DONOSTIA

Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako Laugarren jardunaldia jokatuko da. Muskizen izango da bihar, 19.00etan hasita. Bertan, Trapagaran, Aldai Alde, Jaizubia, Burdin Gazteak, Errekatxo, Gallarta, Kabiezes, La Arboleda eta Txoriherri neurtuko dira.

Liga honetan, nahiz eta oraindik amaitzeko jardunaldi asko geratzen diren, ez da emoziorik falta. Hori bai, garbi dago aurreko hirurek ez badute huts handiren bat egiten, txapela hiruren artean dagoela, gainerakoei ihes egin baitie. Une honetan, Trapagaran dago sailkapeneko lehen postuan, eta atzetik, puntu batera, eta biak berdinduta, Aldai Alde eta Jaizubia.

Azken honek irabazi zuen lehen jardunaldia, baina ondorengo biak Trapagaranek eraman zituen eta azkenekoan, gainera, erabateko nagusitasuna erakutsita.

Jaizubia, berriz, egungo txapelduna da, eta sekulako erregulartasuna erakusten ari da, jokatutako hiru jardunaldietan bigarren postuan amaitu baitu. Hori bai, sailkapeneko buruan jarri nahi baldin badu, irabazi egin beharko du. Trapagaranek, aldiz, garaipena erdietsiko balu, atzekoei zuloa irekitzen hasiko litzaieke, eta haiek ere aukera paregabea izango dute Muskizen jokatuko den saioan.

Hirugarren postutik atzera dauden taldeak, hemendik aurrera ahalik eta lanik onena egin, eta ezusteak ematea izango dute helburu. Burdin Gazteak-ek, esaterako, oso hasiera ona izan zuen, baina azkeneko jardunaldian oso motel aritu ziren, eta hura ahaztu eta txapela lortzeko ia aukera guztiak galdu arren, aurrean ibil daitezkeela erakutsi nahiko dute.

Nafarroa

Nafarroako jokoen torneoa ere abian da, eta proba ezberdinak ikusi nahi dituenak aukera paregabea izango du bihar arratsaldean, 18.00etatik aitzinera jokatuko baita ekinaldia Igantzin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo