Suitzako Itzulia
Fabian Cancellarak esku hutsik utzi zituen esprinterrak
CSCko txirrindulariak azken kilometroetan eskainitako erakustaldiak jardunaldia erabaki zuen. Kim Kirchenek ez zuen arazorik izan maillot horia mantentzeko.
GARA | DONOSTIA
Udaberrian erakutsitako sasoi une ezin hobera gerturatzen ari da berriz ere Fabian Cancelllara, oraingoan begia jota dituen Joko Olinpikoak helburu. Argi utzi zuen atzo hori CSCko txirrindulariak, Suitzako Itzuliko zazpigarren etapa indar erakustaldia emanez eskuratu baitzuen.
Helmugara heltzeko bost kilometro besterik falta ez zirela, eta pelotoia esprintaren bila ziztu bizian zihoala, Cancellarak txirrindulari gutxi batzuek duten ahalmenarekin alde egin zuen: bere aldea ez zen inoiz hamar segundotik gorakoa izan, baina nahikoa suertatu zitzaion denboraldi honetako zazpigarren garaipena lortzeko.
Suitzarra ez zen izan Gruyères eta Lyssen arteko 171 kilometroetan ihes egiten saiatu zen bakarra. Van Summerek, Scholzek eta Rosselerek, adibidez, eguneko ihesaldia gauzatu zuten. Aldiz, helmugatik 18 kilometrora amaitu zen beren abentura. Ibilbideak aukera handirik ematen ez zuen arren, Marcus Fothen ere liderra probatzen saiatu zen, baina Kim Kirchen berak egin zuen salto Gerolsteinerko txirrindulariaren bila, ustekabea eragotziz.
Kirchenek atzo indartsu dagoela erakutsi zuen arren, gaur aldaketak egon daitezke sailkapen orokorrean. Izan ere, itzuliko azkenaurreko etapan, 1.500 metro igo beharko dituzte txirrindulariek 25 kilometroko erlojupekoan. Sailkapeneko lehen zortziak minutu bateko tartean daudenez -horien artean Igor Anton hirugarrena da liderrarengandik minutu erdira-, panorama erabat alda daiteke.
Boonen garaile Holandan
Tom Boonenek, bestetik, Ster Elektrotoer itzuliko laugarren etapa irabazi zuen. Quick Stepeko txirrindularia poz-pozik agertu zen, kokainarekin positiboa eman zuela jakinarazi zenetik korritzen zuen lehen lasterketa baitzen atzokoa. «Egunotan gauza asko ikasi ditut nire buruari eta txirrindularitzari buruz. Jende asko gertu daukadala ere ikusi dut. Berehala lehiaketara itzultzeko erabakia egokia izan dela uste dut eta oso pozik nago lortutako garaipenarekin», esan zuen Boonenek.
Enrico Gasparotto, bere aldetik, pelotoiarekin batera helmugaratu zen. Horrenbestez, maillot horia mantendu zuen.
Route du Sud
Noan Lelarge (Bretagne) da Route du Sud lasterketako lider berria atzo jokatutako bigarren etapan nagusitu ondoren. Frantziarrak Cauteretsen amaitzen zen 17 kilometroko erlojupeko igoera eskuratu zuen.
UCI, Vinokouroven aurka
Bere zigorra uztailaren 21ean amaituko denez, Alexander Vinokourov entrenatzen hasi da, Joko Olinpikoak prestatzeko. UCIk, aldiz, ez du erabakia ondo hartu eta TASen aurrean helegite bat aurkez dezake zigorra bi urtetara luza diezaioten.