GARA > Idatzia > Euskal Herria

Udalbiltzak nazioartera joko du auziaren jarraipena egin dezaten

Udalbiltzako auzipetu, udal hautetsi eta hautetsi ohiek agerraldia egin zuten atzo Oiartzunen, 22 ordezkariren aurka abiatu asmo den epaiketa salatu eta nazioartean abian jarriko duten dinamika aurkezteko. Auziaren azterketa eta jarraipena egiteko eskatu diete hainbat erakunderi.

p023_f02_097x128.jpg

GARA |

«Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileren aurka abiatu asmo duen epaiketa politikoa dela-eta, udal hautetsi eta hautetsi ohien salaketa adieraztera gatoz eta, aldi berean, Euskal Herriaren nazio-erakundeak eraikitzeko eskubidea aldarrikatzera», azaldu zuten atzo Oiartzunen izandako agerraldian instituzio nazionaleko auzipetuek.

Nazioartera zuzendutako manifestuarekin bat egiteko deia egin zieten hautetsiei, «nazioarteko instantzietan ere jakitun izan daitezen Udalbiltzaren kontrako auziarekin, berriro ere, Espainiako Estatuak hankaz gora jar ditzakeela zuzenbidearen oinarriak».

Nazio Batuen Erakundeari, Europar Batasunari, Europako Kontseiluari eta Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeari (ESLA) zuzendutako idazkietan hurrengo eskaera egin dute Udalbiltzako auzipetuak: «Auzi honen azterketa eta jarraipena egiteko dagozkien prozedurei bide ematea eskatzen dugu, baita Euskal Herriak eta bere instituzioek, herritarrek askatasunez eta demokratikoki aukeratutako ordezkarien borondatearen arabera, bere instituzioak sortu eta garatzeko duten eskubidea babestea ere».

Atzo Oiartzunen, Udalbiltzak jaio zenetik eta urteek aurrera egin ahala egindako ibilbidea aztertu zuten. «Lurraren kohesiorako, Euskal Herriaren biziraupenerako, ez inoren kalterako, eta bai nazio modura bizi ahal izateko» jaio zela esan zuten. Horrela, lan instituzionala, «izaera publikoa eta demokratikoa duena», epaitu eta zigortu nahi dutela salatu dute. Gainera, nabarmendu duten gisa, «inolako funts juridikorik gabe».

Manifestua sinatu

Elkartasun eta salaketa horiek praktikara eramango dituztela jakinarazi dute Udalbiltzako auzipetuek, eta horretarako abian jarritako lehen zeregina aurkeztu zuten: «Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordera, Europako Batzordera eta ESLAra bideratuko den hautetsien manifestua sinatuko dugu Euskal Herri osoan udaletan ordezkari garen edo izan garen pertsonek».

Horretarako, «Euskal Herria aintzat hartzen duten ideologia eta lurralde guztietako» udal hautetsiei eta hautetsi ohiei euren atxikimendua emateko deia egin zieten.

Bestalde, auzipetuek jasotako babesa eskertu nahi izan zuten, eta auziaren «lehen jipoia» auziperatuei zuzenduta dagoen arren, auziaren azken helburua «Euskal Herriak bere nazio-instituzioak eraikitzeko eskubidea jipoitzea» dela salatu zuten. «Eskerrak eman besterik ezin dugu egin -gaineratu zuten-, mila esker Udalbiltzaren kontrako epaiketa politikoan auzipetuokin bat egin eta lanerako prest agertu zareten hainbat herri eta eskualdetako udal hautetsi eta hautetsi ohiei. Indartsu egingo gaitu auzi honi elkar hartuta aurre egiteak».

erakundeak

Nazio Batuen Erakundeari, Europar Batasunari, Europako Kontseiluari eta Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeari zuzendu dizkiete idazkiak Udalbiltzako auzipetu, udal hautetsi eta hautetsi ohiek.

lan instituzionala

Lan instituzionala, «izaera publikoa eta demokratikoa duena», epaitu eta zigortu nahi dutela salatu dute atzo Oiartzunen irakurritako idazkian. Gainera, nabarmendu duten gisa, «inolako funts juridikorik gabe».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo