GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUk eta Aranzadik ondareari buruzko ikastaro zikloa antolatu dute udarako

p018_f02.jpg

GARA |

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Aranzadi Zientzia elkarteak «Nafarroa. Historia eta ondarea zientziaren bidez» ikastaro zikloa antolatu dute. Bi ikastarok osatuko dute zikloa: «Kultur ondarearen azterketa teoriko-praktikoa» eta «Amaiurko eta Nafarroako Erresumako gazteluak».

UEUko Etengabeko Prestakuntza arduradunak, Irati Iciarrek, ikastaroen garrantzia nabarmendu zuen: «UEUren zeregin nagusienetakoa aditu euskaldunak formatzea da, eta horretarako ezinbestekoa dugu gaur aurkezten ditugun ikastaroen gisakoak antolatzea».

Horren haritik, euskarazko hezkuntzak eman duen «izugarrizko aurrerapausoa» aipatu zuen, baina oraindik ere egiteko dagoena asko dela adierazi zuen. «Hutsune horietako bat estaltzeko antolatu dugu Aranzadi elkarteak eta UEUk ikastaro hau, eta lotsa askorik gabe esan dezakegu punta-puntako ikastaroak direla», nabarmendu zuen. Ikastaroak, gainera, duela bi urte emaitza ezin hobeaz martxan jarritako goi-mailako ikerketan zein formazioan erreferentzia diren bi erakundeen arteko hitzarmenetik jaio dela azaldu zuen, eta bere garrantzia nabarmendu: «Indarrak batzeak ematen duen ahalmenaren bidez ate berriak zabal baititzakegu aurrerantzean ere».

Aranzadi elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirrek «ikasleei eta interesa duen edonori historiaren bilakaerari, arkeologiaren metodologiari eta ondarearen hedapenari buruzko ezagueran sakontzeko» eskaintza dela azaldu zuten. Bere esanetan, «azken hamarkadetan iraganaren ezagutzak, eta batez ere kultur ondareak egungo bizimodu hiritarrean protagonismo handia hartu du, iraganeko aztarna materialak gero eta onarpen sozial handiagoa duen gure kultur ondarearen arlo garrantzitsuak direlako». Bide horretan horren inguruko ikerketa egin behar dela eta babestua izan behar duela adierazi zuen. «Aranzadi eta UEUren helburua beraz, kultur ondarearen ezagutza eta dibulgaziorako herritarrek eta komunitate zientifikoak eska- tzen dituen baliabideak eskaintzea da», esan zuen.

Ikastaroen nondik norakoei helduz, «unibertsitateetan jasotzen den hezkuntza osatzeko trebakuntza praktikoa eta teorikoa» eskainiko dela argitu zuen, zehazki, «kultur ondare materiala ikertzeko eta hedatzeko metodologia eta Nafarroako Erresumaren bilakaera historikoa eta bere gazteluak ikertzeko aukera».

Aranzadiko ikerlari Mikel Errazkinek ikastaroen inguruko xehetasunak eman zituen, eta «Kultur ondarearen azterketa teoriko-praktikoa» izenburupeko ikastaroa uztailaren 21etik 27ra arte egingo dela azaldu zuen. Lehen hiru egunetan Iruñean izango dira UEUren ikastaroen barnean; gainerako lauetan, praktikoetan, Orbaizetan.

«Amaiurko eta Nafarroako Erresumako gazteluak» ikastaroa berriz, uztailaren 30ean eta abuztuaren 2an, 10ean, 11n eta 14an egingo da. Bi ikastaroetan izena emateko epea zabalik da dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo