GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aizkolari gazteek erakustaldi ederra egin zuten Arbizuko jaietan

Arbizuko jaietan San Joan eguna ospatu zuten atzo, eta egunean zehar gozatutakoen artean, arratsaldean Gorriti eta bere animalien ikuskizuna eta herri-kirolak izan ziren. Hamabi urte eskaseko gazteek aizkolarien plazaz plazako jarduna bizirik mantenduko dutela erakutsi zuten.

p021_f03.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Arbizuko sanjoanek aurrera darraite, eta atzokoan San Joan eguna ospatu ondotik, gaur adinduek hartuko dute jaietako lekukoa. Atzoko egunari dagokionez, arratsaldean txikienek Gorriti eta bere animalien emanaldiarekin gozatu ahal izan zuten, baita sortzen duen ikuskizunarekin ere. Pottoketan ibiltzeko txandak egin behar izan zituzten, eta haurrak gogotsu agertu ziren. Bitartean, herri-kiroletan jarduteko prestatzen ari ziren aizkolariak, enborrak txukunduz. Aldi berean, motozerra eskuan enbor handi bati irudia ateratzen ari zitzaion herri-kiroletako beste partaide bat. Saioa hasi zenean, aizkolari gazteak erakustaldi bikaina eman zuten. Aurkezleak adierazi bezala, hamabi urte eskaseko gazteak lehian ikusita, kirol honek aurrera begira ere plazetan ikuskizuna sortzen segituko duela antzeman daiteke.

Lau mutiko lehiatu ziren eta ikusmina sortu zuten, hain gazte eta gorputz txikikoak izanik, egurrari indartsu emanez. Horien txanda amaituta, harri-jasotzaileek hartu zuten lekukoa. Jarraian helduen txanda izan zen, eta era horretan luzatu zen herri-kirol saioa. Amaitzean ohiko Aatea egitekoa zuten, eta Egan taldea gaueko dantzaldirako prestatzen ari zen.

Gaur ere izango da kirolaz gozatzeko aukera. 10.30ean herriko pilotarien finala izango da, maila guztietakoak arituko dira bertan. Adinekoen mezaren ondotik, Aatea eta hamaiketakoa egingo dituzte, eta musika ere izango dute teklatu-jotzaile baten eskutik bazkalordura arte. Arratsaldean mus eta briska txapelketak eta haurrentzako musika emanaldia izango dira herriko plazan. Emakumeek ere izango dute beren tartea, 21.00etan afaria izango baitute.

Jaietako aldarrikapenak

Jaiak asteleheneko giro sargoriaz hasi baziren ere, atzokoan, eguzkiak jotzen bazuen ere, haize freskoak lagunduta gustura egoten zen Arbizuko plazan. Herria inguratzen duten mendiak, hala nola, Urbasa eta Aralar mendilerroak eta Beriain mendi ikusgarria ere lainopean ageri ziren, baina eguzkia lagun izan zuten San Joan egunean Sakanako herri honetan.

Herri txikia, ohi bezala etxeak dotore eta txukun ageri dira jai egun hauetan, baina arbizuarren aldarrikapenek ere hartzen dituzte leiho eta paretak. Abiadura Handiko Trenaren aurkako jarrera nabaria da Sakanan, eta horixe ageri dute Arbizuko kaleek. Leiho zein balkoietan eta kaleko beste txoko batzuetan egitasmo erraldoi horren kontrako ikurrak nagusi ziren. Gaitzespen hori indarrez erakusteko, manifestazioa antolatu dute Arbizun datorren larunbaterako, ekainak 28, 19.00etan.

Jaietan bestelako aldarrikapenek ere tokia izan dute Arbizun, Sakanan ezker abertzaleari dagozkion hainbat alkatetza dituen NaBai-ri zuzendutakoa alegia; bailara «haustea», «euskara erabat baztertzea» eta «apartheid politikoa» leporatzen zion aipatutako alderdiari udaletxeko plazan jarritako kartelak.

AHT-ri EZ!

Sakanak Abiadura Handiko Trenaren aurkako azaldutako jarrera arbizuarrek ere inoiz baino ageriago utzi dute egun hauetan. Udaletxeko balkoian nahiz etxeetako leihoetan ikus daiteke «AHTri Ez!» leloa. Larunbatean, hori aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute, 19.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo