GARA > Idatzia > Musika

KRITIKA rock

Bob Dylan, ikus-entzuleekin hitz egin beharrik ez duen poeta

p041_f01_148X112.jpg

Blnaca IZKUE

Astearte gauean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegia lepo bete zen Bob Dylan mitikoa entzun eta zuzenean ikusteko. Adin guztietako jendea zegoen bertan, bi belaunaldi elkarrekin, kontzertua bero ikaragarriarekin gozatzeko prest. Edonorentzat ohore handia behar du Dylanen abiatzaile izatea, baita P. J. Hermosillarentzat ere.

Arreta bereganatu baino gehiago, aretoan sartzeko ilara luzea egin behar izan zuten ikus-entzuleei harrera kantuak eskaini zizkien Hermosillak. 21.30ean, ordu-orduan demonio, bera beltzez eta bost instrumentista grisez, Dylanek eta bere bandak hartu zuten agertokia. Itxura xumea, ia iluna, kontzertuko argiztapena bezala. Bira honetan ondoan dituen musikariek lagundu zuten izar amerikarra, eta haiei zuzendu genizkien gure txalorik beroenak. Dylanen jarraitzaile sutsu ez bazara ere, pare bat gauza onartu behar zaizkio: bata, gure bizitzan zehar entzundako eta maitatutako musikan Dylanen konposizioek eragin zuzena eta garbia dutela, eta bestea, bere banda belarriak gozarazten dituzten maisuz osatuta dagoela: berak ahotsa, organo eta ahosoinuan (hiru kantutan), bi gitarrista, bata erritmikoa eta bestea zimikatzeak marrazten, baxu-jotzailea, tresna elektriko zein kontrabaxu akustikoa jotzen, bateria sendoa, soinu garbikoa eta joera zuzenekoa, eta hari tresna anitz menderatzen dituen musikaria (biolina, mandolina zein pedal steel gitar). Instrumentazioa, kantuen arabera maisuki uztartu zuten, blues, rock ala folk kutsuko kantuak jorratzeko. Intentsitateekin jolastu zuten kontzertu osoan zehar, betiere munduko ahots urratu ezagunenetakoa lehenengo mailan mantenduz. Irudikatuta, atzoko kontzertuko kantuen indarra txirrindularitzako mendiko etapa baten grafiko batez irudika zitekeen, bere ibar eta gailurrekin. Goiko eta beheko intentsitateekin jolastuz, bi orduz mantendu zituzten erne ikus-entzuleak. Eta umore egoera kantuen tonuetan islatu bazen, Dylan bolada onean dagoela esanen genuke, kanta gehienak tonu nagusian ziren-eta, tonu txikiak, tristeenak, kanta urrietan agertuz. Bi akorderekin kantu ederrak nola sortu ikasgaia eskaini zuten. Errepertorioari moldaketa asko egin zizkioten, batzuetan tenpoa guztiz aldatuz, zenbait kantu, oso ezagun izan arren, guztiz freskatuz.

Bob Dylan kontzertuetan ikus-entzuleei gutxitan zuzentzen zaiela esan ohi da, eta oraingoan ere hala izan zen: soilik musikariak aurkezteko mintzatu zen, azken kantua baino lehen. Baina, zertarako nahi gehiago hitz egitea dena kantuen hitzetan esaten denean?

Fitxa

Data eta lekua: 2008-6-24, Anaitasuna kiroldegia (Iruñea).

Musikariak:

Bob Dylan (ahotsa, organoa eta ahosoinua), Denny Freeman (gitarra nagusia), Stu Kimball (gitarra erritmikoa), Tony Garnier (baxu elektrikoa, kontrabaxua), George Recile (bateria), Don Herron (biolina, mandolina elektrikoa, pedal steel gitar).

Set list:

1.- «Cats in the wells».

2.- «Love minus zero».

3.- «The Levee's Gonna Break».

4.- «John Brown».

5.- «Sugar baby».

6.- «High Water (for Charley Patton)».

7.- «Workingman's Blues #2».

8.- «Tangled up in blue».

9.- «Master of war».

10.- «It's Alright, Ma».

11.- «Beyond the Horizon».

12.- «Highway 61 Revisite».

13.- «Nettie Moore».

14.- «Summer day».

15.- «Ain't talkin'».

Bisak: 16.- «Thunder on the Mountain».

17.- «Blowin' in the Wind».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo