Herritarrik babesgabeenak kontuan izan gabe, soldata igoerak saihestea gomendatu du EBZk
Europar Batasuneko finantza-arduradunei entzunda, badirudi ez dagoela krisi egoerarik. Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidente Jean-Claude Tricheten arabera, hazkunde aukeren ziurgabetasuna baino ez dago, finantza-zurrunbiloen arriskua dela-eta. Atzo iragarri zuenez, uztailean interes-tasak «igo litezke» eta, esan ez bazuen ere, lehenago, ohi bezala, Euriborrak ere egingo du gora. Trichetek azaldu zuenez, inflazio handia dela-eta kezkatuta dago EBZ, salneurriak kontrolpean izatea ezinbesteko baldintza baita hazkunde ekonomikoa bultzatzeko, enplegua sortzeko eta herritarrik behartsuenak babesteko. Hala ere, argi utzi zuen inflazioa fenomeno kutsakorra denez, kosta ahala kosta saihestu behar dela soldatak kutsatzea; inflazioak bezala gora egitea, alegia. Hartara, bitxia da orain langileei egoerari eusteko eskatzea eta hazkunde ekonomikoa bide onetik doanean ere finantza instituzioek soldaten moderazioa eskatzea, hazkundeak abiada onari eusteko; bitxia hazkunde ekonomiko betean langileen erosteko ahalmena txikiagotu izana. Horra hor soldata gero eta eskasagoa dutenek, hipoteka duten familiek, herritar babesgabeenek, eragiten dieten kezka.