GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara «euskal herritarrena» dela ihardetsi dio EHEek Parisi

Azken asteotan hizkuntza gutxituen harira izandako «itxurazko eztabaida» gaitzetsi du EHEk. Hizkuntza horien defentsa izan behar zuena, «Estatu nazionalista-jakobinoaren eraso» bilakatu dela nabarmenduta, Parisen agindupean dagoen bitartean, euskarak etorkizunik ez duela adierazi zuen. «Mobilizazioa eta herritarren presioa» dira, EHEren ustez, hizkuntza bermatzeko bide bakarrak.

p012_f01_148x116.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Asanblea Nazionalean eta Senatuan hizkuntz gutxituak Estatu frantsesaren «ondare» izendatzeko berriki izandako gorabeherek hizpide izaten jarraitzen dute. Atzo, Euskal Herrian Euskaraz-ek bere iritzia plazaratu zuen Baionan eta gogor salatu zituen eztabaida «faltsuaren» nondik norakoak.

«Euskara -gainerako hizkuntzak bezalaxe- bertako herritarrena eta ez Estatuaren ondare» dela argi utzi ostean, maiatzaren 7tik aurrera Parisko bi legebiltzarretako gai-zerrendetako eztabaida «itxurakeria» baino ez dela izan adierazi zuen Eulate Zilonizaurrekoetxeak: «Urte luzeetako presioak eta herri mugimenduaren lanak behartu du Gobernu frantsesa hizkuntzen gaia heltzera. Alta, jada Asanblea Nazionalean egindako itxurazko eztabaidak -diputatuen parte-hartzea negargarria izan delarik- zehaztu zuen ondorengo pausoen norabidea. Ikuspegi erabat jakobinotik, etengabe frantsesaren apologia eginez, bideratu zen eztabaida».

Babesaren ordez, erasoa

Horren ostean, Konstituzioaren 2. artikuluan «eskualdeetako hizkuntzekiko begirunea» aipamena jasotzeko izan behar zuen aldaketa, 1. artikuluan «nazioaren ondare» gisa azaltzeko egokitzapen bilakatu zela gogorarazi zuen EHEeko kideak. Geroztik entzundako adierazpen eta argudioak «mingarriak eta gorrotoz beterikoak» izan direla gaineratu zuen: «Hizkuntzen defentsa baino, horien aurkako eraso bihurtu dira. Ikuskizun ederra eskaini digute giza-eskubideen `aberriko' ordezkariek! Inperio kolonizatzaileen politiken bertsio garaikidea izan da hau guztia».

Zilonizaurrekoetxeak «hizkuntza guztiak eta, gurea bereziki maite» dituztelako horien defentsan aritzeko asmo irmoa azaldu zuen: «Parisen eta tokian tokiko bere zerbitzari ultranazionalisten gustuko ez bada ere, ez diegu bigarren mailako herritar gisa trata gaitzaten utziko, euskarak beste edozein hizkuntzak bezainbeste balio duelako eta euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako».

«Parisen agindupean bizi garen bitartean euskarak etorkizunik» ez duela nabarmenduta, Yves Matxikotek bestelako politika bat, «ausarta, eta hizkuntzaren normalizazioa eta hizkuntz eskubideak bermatuko dituena» ezinbestekoa dela adierazi zuen. Areago, «frantsesaren eta gaztelaniaren menpetik atera eta hizkuntza burujabetasuna lortzeko bere eremu librea» beharrezkoa du euskarak EHEren iritziz.

Anartean, «alternatiba egingarriak eta ofizialtasuna erdiestea helburu» duten egitasmoak badaudela gogorarazi zuen Matxikotek; herriko-etxeetan Euskararen Deliberoak eta normalizazio planak onartu eta garatzen ari dira. Hala, «politikari arduragabeengan» baino herritarrek egin dezaketen lanean uste handiagoa du EHEk.

Mobilizazioa, giltzarri

Horregatik herritarren presioa eta mobilizazioa giltzarri direla uste du euskararen aldeko elkarteak. Matxikote «nazionalista frantsesen diskurtsoarekin etsitu beharrean, ofizialtasunaren aldeko uholdea lantzera eta euskararen alde lan egitera» deitu zituen herritarrak.

Alde horretatik, hautetsiak interpelatzera eta herriko jaien karietara, urtero legez, zenbait mobilizazio prestatu ditu.

Hogei bat herritako jai-batzordeekin batera euskararen presentzia bermatzeko, eta ofizialtasuna aldarrikatzeko pegatinak ere atera dituzte.

Bestalde, Baionako jaien karietara, eta bertako diputatu-auzapez «itxuraz konbertituari» mezu bera helaraztearren, abuztuaren 3an, 11.30ean, San Andres eliza aitzinean egingo den elkarretaratzean eta ondoren izango den manifestazioan parte hartzera dei egin zuen EHEk.

EEP, «Estatuaren politikaren jostailu», eta Brisson «iruzurgile»

EHEren esanetan, argitaratu berri den azken inkesta soziolinguistikoak «euskararen aldeko politikak erabateko aldaketa» behar duela adierazten du. Euskararen aldeko elkarteak gogor kritikatu zuen Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) presidenteak herenegun, aipatu inkestaren Ipar Euskal Herriko emaitzak aurkeztu zituenean izandako jarrera. EHEren ustez, «esku artean zituen datuak larriak izanda ere Brisson jauna baikor agertu izanak, Estatuaren eta beren jostailu den EEPren asmoak ongi erakusten ditu. Brisson, iruzurgile bat baizik ez dugu eta berak orkestratzen duen politikaren ikurra da».

Didier Borotra auzapez eta senataria aldaketaren emendakina aztertu eta bozkatu zelarik Senatuan ez izateak «politikari horien jokaera orokorra» zein den erakusten du EHEren aburuz: «Ardura eza eta gaiari heldu behar zaionean ihes egitea».

EHE ez da izan, egunotan, Borotraren jarrera kritikatu duen bakarra. «Biarritz bestelakoa», Borotraren alkatetza sostengatzen duen udal-talde abertzaleak «harridura» agertu du eta jokabide hori Biarrizko herriko-etxean euskararen alde egiten ari den politikarekin bat ez datorrela esan du.

Batasunak ere zalantzan jarri du Euskararen Erakunde Publikoak euskararen alde egiten duenik: «Parisek erakutsitako mespretxuaren ondotik, Brissonen ustezko borondatea faltsukeria iruditzen zaigu. Sinesgarritasun izpirik izan nahi badu, Akademiaren adierazpenak gaitzetsi, Senatuaren erabakia salatu eta behingoz ofizialtasunaren beharra aldarrikatu» behar duela uste du alderdi abertzaleak. A.M.

ENTZUNGOR

Nazio Batuen Erakundeak berriki Estatu frantsesari emandako gomendioei Parisek «entzungor» egin diela salatu zuen EHEk. Ez du uste epe laburrean hizkuntza gutxituekiko jarrera aldatuko duenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo