GARA > Idatzia > Ekonomia

Eudelek udal langileentzat egin duen proposamena «onartezina» da LABen ustez

LAB sindikatuak «eskasa eta onartezina» deritzo Eudelek EAEko udal administrazioko langileentzat egin duen proposamenari, «hiru urterako soldata igoera eta lizentzia egunak» baino ez dituelako jasotzen.

GARA |

LAB sindikatuaren ustez, Eudelek EAEko udal administrazioko langileentzat eginiko proposamena, hots, hiru urterako soldata igoera eta lizentzia egunak baino jasotzen ez dituena, «eskasa eta onartezina» da. Proposamen hori 2011. urtera arte luza dezaketela kritikatu du, eta egin duten eskaintzak udal administrazioan den pribatizazio politika, prekarietatea eta zerbitzuen kalitate jaitsierari aurre egiteko ez duela balio izango gaineratu du. Sindikatu abertzaleak nabarmendu duenez, azken iripide horiek «eremu honetako ardatzak» dira.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiaren konbenioaren negoziazioari dagokionez, aurreko lan hitzamenetan «pribatizazioa eta prekarietatearen inguruan adostutako konpromisoak» ez direla bete salatu du. «Negoziazio mahaian aurkeztutako azken proposamenean Aldundiak argi azaltzen du GUFEko (IFAS) egoitzetan burutu nahi duen zenbait zerbitzu pribatizatzeko asmoa», azaldu du, besteak beste, jantoki eta sukaldeko zerbitzuak arriskuan daudela argituz.

Pribatizatuta dauden zerbitzuak eta pribatizatuko direnak kudeatzea ez dela aski adierazi du, eta «merkantilizazio» horren bidez administrazioek duten gizartearekiko ardura beste batzuen esku uzten dutela salatu du. Horrez gain, lan baldintzak kaskartzea eta zerbitzuen kalitatea jaistea ekarriko dituela kritikatu du LABek.

Administrazioko langile guztien lan baldintzak parekatzeko eskatu, eta beste sindikatuei «merkantilizazioa eta prekarietateari ateak ez irekitzeko» exijitu die, «are gutxiago urteetan bake soziala izatearen truke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo