GARA > Idatzia > Tenisa

Wimbledon

Marat Safinek tenisean jokatzen ez zaiola ahaztu erakutsi du Djokovicen aurrean

GARA | LONDRES

All England Tennis Club ospetsuko bigarren errondako aurreneko jardunaldiak lehen sorpresa erraldoia utzi zuen atzo. Izan ere, Novak Djokovic hirugarren serie-buruak Wimbledon utzi eta etxerako bidea hartu behar izan zuen Marat Safin errusiarraren aurka galdu ostean.

Serbiarrak ez zuen bere mailarik onena eman eta bi ordu eskasetan nagusitu zen Safin, oraindik ere tenisean jokatzen ez zaiola ahaztu erakutsiz. 6-4, 7-6 eta 6-2 gailendu zen.

Safin beti erakutsi izan duen irregulartasunagatik ezaguna bada ere, atzo ez zion arnasarik hartzen laga Djokovici. Serbiarrak, berriz, puntu onak eta hanka-sartzeak tartekatu zituen.

«Nik ez bezala, oso sendo jokatu du Safinek», onartu zuen Djokovicek behin partida amaitu ostean. «Ez du neurketa onegirik egin behar izan niri irabazteko, ez baitiot inola ere minik egin», gaineratu zuen.

Bestetik, «urduri xamar» aritu zela aitortu zuen Safin berak ere. «Aspaldi da halako partida garrantzitsurik ez dudala irabazi. Wimbledon hasi aurretik bigarren kanporaketan Djokovicek botako ninduela uste nuen. Aurkariak nortzuk izan daitezkeen hobeto begiratu beharko dut orain», onartu zuen.

Ivanovicen gurutze-bidea

Serbiarrek ez zuten egun ona izan atzo. Izan ere, Ana Ivanovicek bi match ball gainditu behar izan zituen Nathalie Dechy WTA zerrendako 97. sailkatuari irabazteko. Ia hiru ordu eta erdiko gurutze-bidearen ostean, 6-7, 7-6 eta 10-8 nagusitu zen Roland Garroseko azken irabazlea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo