Krisi larria erakundean
Aurreko hiru kontseiluek epaitegietara joko dute
Badiolak ez die «due diligence»aren kopiarik eman eta ez ditu zuzendu euren kontra publikoki esandakoak
GARA | DONOSTIA
Realak bizi duen kaos egoera geroz eta sakonagoa da eta, Konkurtso Legea gero eta gertuago egoteaz gain, haustura soziala geroz eta handiagoa da, gauzak are eta gehiago zailduz. Giro horretan, Realeko zuzendaritza batzordean egondako azken hiru kontseiluetako kideek atzo aditzera eman zutenez, Iñaki Badiolaren eta egungo kontseiluaren aurkako neurri legalak hartuko dituzte. Igorritako idatzian agertu dutenez, «babesgabe» sentitzen dira, egungo presidenteak ez dielako euren aurkako salaketak egiteko erabili zuen due diligencearen kopiarik luzatu nahi izan.
Iragan asteartean egindako Batzar Orokorrean, Iñaki Badiolak aurreko kontseiluek ekonomi arloan hainbat irregulartasun egin zituztela adierazi zuen. Hurrengo egunean bertan, Juan Larzabal, Maria de la Peña eta Miguel Fuentesek gidatutako taldeek esandakoak argitzea eta salaketak egiteko erabili zuen due diligencearen kopia bana eskatu zizkioten egungo presidenteari. Jarritako epean Badiolak inolako erantzunik eman ez dienez, aurreko presidenteek epaitegietara jotzea erabaki dute. Era berean, komunikatuan prest agertu dira euren aurkako inolako susmorik duen edozein erakunderi eman beharreko azalpen guztiak emateko.
Bere garaian, Jose Luis Astiazaranek ere idatzi bat atera zuen bere aurkako salaketak gezurtatu eta bera ere epaitegietara joateko prest dagoela azalduz.
Bien bitartean, egungo kontseiluak Batzar Orokorrean izandako emaitzak kontutan hartzeko inolako asmorik ez duela dirudi. Izan ere, hasteko, ez du hamahiru kontseilari izendatzeko inolako keinurik egin eta atzo Antoñana eta Nayaren kargu hartzearen berri soilik eman zuen webgunean. Aldiz, badirudi akzionista talde bat hasia dela bilerak egiten Iñaki Badiola presidentea kargutik kendu ahal izateko. Hauteskundeak deitu ahal izateko, nahikoa dute akzioen %5a lortzearekin.
Utzikeria kezkagarria
Kirol alorrean ere gauzak ez daude batere argi eta nahikoa kezkagarria den utzikeria nabari da taldean. Horren erakusle, datorren urteko entrenatzailea nor izango den ere ez dago konfirmatuta. Antza denez, Juanma Lillok jarraituko du, baina inork ez du tolosarra bere karguan konfirmatu eta kirol zuzendariaren berririk ere ez dago.
Bidean den Konkurtso Legeak ekarriko duen aurrekontuaren murrizketa handiarekin eta jokalariak saldu beharrarekin, are eta zailagoa izango da datorren urterako taldea osatzea. Aldiz, gainontzeko klubetan lanean buru-belarri dabiltzan bitartean, Realean lan hori nork egingo duen ere ez dakite oraindik.