GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Eskalada Blokeko txapelketak

Giro aparteko bi hitzordu arrakastatsu

Azken egunotan blokeko bi txapelketa herrikoi jokatu dira. Gorlizkoak lehenengo aldia izan du; Azpeitikoak, berriz, bigarrena. Bietan ala bietan makina bat eskalatzailek hartu du parte

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu bulder proba herrikoiak, ofizialak ere, gero eta arrakasta handiagoa izaten ari direla. Eta hori, inolako zalantzarik gabe eta arrazoi askorengatik, kontuan hartzekoa da. Azken egunotan bi probetan izan dugu horren isla.

Lehenengoa, ekainaren 21 eta 22an jokatu zen Gorlizko Blokeko Txapelketa Herrikoia. Lehenengo ekitaldia zuen eta, oro har, antolatzaileak pozarren zeuden batez ere parte hartzearekin eta eskalatzaileen artean sortutako giro apartarekin. Berri ezkor bakarra euriak jarri zuen. Berez, ekainaren 21ean jokatu behar zen, baina, atari zabalean antolatu zutenez, euria azaldu eta txapelketa bertan behera uztea behartu zuen.

Eta pena handia hartu zuten, larunbateko hitzordura 45 lagun hurbildu zirelako: 10 neska eta 35 mutil. Bai, zorte txarra; lehiak hasi orduko euriak asmo guztiak zapuztu zituen. Horrela bada, antolatzaileek, Leioako mendi taldeko eskalada taldekoek, igandera pasatu zuten hitzordua. Baina, eguraldiaren joera ikusirik, 20 eskalatzailek soilik egin zuten bat deialdiarekin: 4 neskak eta 16 mutilek. Hots, larunbatean urrunetik iritsitako eskalatzaileek igandean ez partehartzea erabaki zuten. Hala ere, euriak ez zituen bertaratutako lagunen animoak hoztu; ez, bi egunetan oso giro ederra bizi izan zen Gorlizko txapelketa herrikoian. Eta lehia ezberdinetan bizi izan zen hori ondo baino hobeto.

Antolatzaileek bi maila prestatu zituzten: herrikoiak eta «pro» edo elitea. Herrikoiei dagokienez, Itziar Diez eta Eneko Monton izan ziren onenak. Bigarren postuak Mirari Elosegirentzat eta Gorka Azkonarentzat izan ziren. Podiumeko hirugarren tokia Iratxe Diezek eta Imanol Cuestak eskuratu zuten.

Elitean, bestalde, neska bakarra izan zen: Maddalen Mendizabal. Carlos Agiriano izan zen mutil indartsuena, eta haren atzetik Mikel Agirre eta Iñigo Fernandez geratu ziren.

Azpeitikoa bero-bero

Joan den larunbatean, berriz, Azpeitiko Gaztetxean «euskal preso politikoen aldeko» proba herrikoia jokatu zen. Iazkoak erabateko arrakasta izan bazuen, zer esan genezake aurtengo ekitaldiaz? Bada, besteak beste, 70 lagun prest izan zirela atondutako blokeetan den-dena emateko. Eskalatzaileak hiru mailatan banatu zituzten: herrikoiak A (hasiberriak), herrikoiak B (eskarmentua badutenak) eta elitea.

Beltza, Gorka, Gotzon eta enparauei egokitu zitzaien blokeak diseinatzeko lana eta, oro har, ondo baino hobeto asmatu zuten. Jakin bazekiten ia eskalatzaile gehienak herrikoiak zirela, eta ezin zuten hutsik egin. Elitekoei, berriz, lan eskerga eman zieten, baina «gonbidatu» gisa zeudenez...

Sailkapenak goizez jokatu ziren. Herrikoiek zortzi bloke zituzten aurretik, eta guztiak askatu ahal izateko ordubeteko denbora. Onenak, berriz, arratsaldeko finalera pasatu ziren, eta hauek zein elitekoek bost bloke gainditu behar izan zituzten. Finalean ere oso bloke onak prestatu zituzten eta eskalatzaileek (45 minutuko jarduna zuten) erabat gozatu zuten. Oro har, eta Gorlizkoan pasatu zen legez, Azpeitiko Gaztetxean ere oso giro ona bizi izan zen.

Lehiei dagokienez, herrikoia A mailan, Maialen Lopetegi eta Carlos gailendu ziren. Bigarren postuak, berriz, Irati Ibañez eta Jokin Etxezarretarentzat izan ziren. Herrikoia B mailan, Leire Aranbarri eta Urritz Undanpilleta izan ziren onenak, eta hauen atzetik Maite Etxezarreta eta Enaitz Balantzategi geratu ziren.

Elitekoek ere hortzak ondo estutu behar izan zuten. Nahiz eta San Joan jaietako ajea gainetik kendu ezinik ibili, Antton Zabala hernaniarrak irabazi zuen gonbidatuen maila horretan; bigarren Roberto Rodriguez izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo