GARA > Idatzia > > Kultura

Bertsolaritza ikuspuntu desberdinetatik aztergai, Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik

Bertsolantegia jardunaldiek bertsolaritza zeharka, barrutik eta kanpotik aztertuko dute. Atzo, lehen egunean, Aizpea Goenaga antzezleak antzerkigintzaren eta bertsolaritzaren arteko lotura izan zuen hizpide.

Rebeka CALVO | EIBAR

Bertsozale Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak Bertsolantegia izeneko bertso tailerra antolatu dute berriz ere. Aurten ere hiru hitzaldi, bi mahai inguru eta hiru ekitaldi izango dira. Bertsolaritza hiru ikuspuntutatik aztertuko dute: zeharka, barrutik eta kanpotik. Horiek horrela, antzerkia, dezima eta tradizioa zein modernitatea dituzte hizpide atzo hasi eta bihar arte Eibarren egiten ari diren jardunaldietan.

Aipatu bezala, atzokoa izan zen lehen eguna, eta bertan antzerkigintzaren eta bertsolaritzaren artean dauden loturak aztertu zituzten, besteak beste, antzezle eta zuzendari den Aizpea Goenagaren eskutik.

Bi galdera abiapuntu gisa

Goenagari jardunaldia prestatzeko bi galdera planteatu zizkioten: «Zer ikas dezake bertsolaritzak antzerkigintzatik?» eta «Zenbat eman behar dio antzerkiak bertsolaritzari?».

Bi galdera hauek abiapuntu hartuta antzezleak atzoko saioan hauxe azaldu zien ikasleei: «Antzerkiak bertsolaritzari zer eman diezaiokeen forma aldetik eta, batez ere, izpiritu aldetik aztertuko dugu. Hau da, bertsolaritzak berez badauka lan egiteko formula bat, eta formula hori aldatzea baino, guk hori egiteko egin dezakeen antzerki entrenamenduaren berri emango diegu. Gure helburua, batez ere, bertsolaritza aberatsagoa bilakatzea da». Izan ere, «zenbat eta gehiago jakin eta kontrol handiagoa izan denontzat hobe», gaineratu zuen antzezleak.

Bertsolaritzak eta antzerkigintzak, gainera, badituzte hainbat elementu komunean: «Oholtza gainean egiten da, fokuekin, jendaurrean...». Desberdintasunak ere badituzte, noski, eta berezitasun horiek ere aztertu zituzten.

Bestalde, bertsolariei oholtza gainean egoteko hainbat tekniken berri eman zien Goenagak bertaratutakoei, bai eta inprobisazio ariketa praktikoak ere. «Jolas baten moduan egingo dugu. Antzerki musikala dagoen bezala, bertso-antzerki modukoa ere egon daiteke eta horren inguruan ere hitz egingo dugu. Badaude bertsolariak, gainera, antzerkigintzan lan egiten dutenak eta horri ere probetxua ateratzen saiatuko gara», esan zuen antzezleak horren harira. «Bertsolaritzak bere esparruak zabaldu nahi ditu, eta antzerkigintzak ere edan behar du bertsolaritzatik. Gogoratu garai batean antzerkigintza bertsotan izaten zela, ez inprobisatua, baina hor antzerkigintzak badu zer ikasia bertsolaritzatik; doinuetatik, ahoskatzeaz...», azaldu zuen. «Beste batean kontrako bidean beste jardunaldi batzuk egin beharko ditugu», gaineratu zuen.

Gaurko jardunaldiek «Dezimak badu lekurik bertsolaritzan?» landuko dute, eta Jon Martin izango da hizlari. «Egokia da dezima txapelketan erabiltzea?» izeneko mahai-ingurua ere antolatu dute eta bertan Jon Martin, Jexux Mari Irazu eta Mikel Aizpurua izango dira. Arratsaldean, «Dezima» bertso-saio esperimentala egingo dute Xabi Payak, Andoni Egañak, Jon Martinek eta Fredi Paiak.

Biharko berriz, «Tradiziotik modernitatera» izeneko jardunaldiak prestatu dituzte. Horiek horrela, trikitiaren bilakaera aztertzeko Mikel Markez gonbidatu dute; dantzaren inguruan hitz egiteko, berriz, Jon Maia izango da Eibarren, eta bertsolaritzaren inguruan aritzeko Igor Elortza. Hiru gonbidatu hauek mahai-inguru batean ere hartuko dute parte.

Jardunaldiak bukatzeko bertso bazkari «tradimodernoa»ere antolatu dute, eta Sustrai Kolina eta Amets Arzallus arituko dira.

Fitxa

Tokia: Udako Euskal Unibertsitateko Eibarreko egoitza. Data: Atzotik bihar arte. Antolatzaileak: Bertsozale Elkartea eta UEU.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo