GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Azkenik errealitatea gailendu da

Espainiako presidenteak bazuen pixka bat itxarotea Lakuako Gobernuaren curriculumetik Euskal Herriaren aipamena kentzeko eskatu baino lehen. Eurokopa bukatu arte behinik behin. Izan ere, orain zertarako jo tribunalen bidera, argudioak arrazionaltasunez tindatuz, espainiartasunak denon bihotza konkistatu duenean? Konkista kontuetan Espainiak bide zakarragoak erabili izan ditu, baina orain aberri moderno baten maitasunak liluratu gaitu. Euskaldunok, azkenik, argudiorik gabe geratu gara Espainiari ezetz esateko eta munduaren bekaizkeria, espainiarrak izateko zoririk ez duten euskaldunena barne, eragin dugu.

Ez Eurokopa jokatu bitartean ez ondoren ez dut espainiar banderarik, ez kamisetarik ez inoren zirrararik ikusi. Ez dut esango izan ez denik, baina ez nik ez nire lagun eta ezagunek ez dugu telebistan baino ikusi. Hortixe jakin dugu Euskal Herrian, Hego Euskal Herrian alegia, Estatuko gainerako lurraldeetan bezala, espainiar futbol selekzioaren garaipena ospatu dugula. Eta ez txapelketa horretako talderik onenaren garaipena, Espainiaren garaipena baizik.

Futbolak batzen gaitu... baldin Espainiak irabazten badu. Arrazionalismoaren jabe esklusiboen sukar nazionalista askatu egin da, baina hori ez da txarra... baldin espainiarra bada. Lehen katalan eta euskaldun penintsularrek Espainiari uko egiteko motibo gutxi zuten, baina orain bat ere ez. Ulertezina zen mundu erdia bere ezpatapean izan duen inperioari eta Mendebaldeko espiritu-erreserba izandakoari, azkenean, trantsizio «eredugarri» bat dela-eta, demokraziarik moderno eta aurreratuenetakoa bihurtu zenari uko egitea.

Mundua Espainiari begira dago, lehen potentzia handien artean lehenetakoa izateko meritua kendu gabe ere, orain futbolean lehena baita. Munduko herritarrek, patriota konstituzionalistek, ez-nazionalistek, gaztelaniak jasaten duen bazterkeria salatu duten espainiar intelektualek ere itxarotea zeukaten. Hemendik aurrera nori bururatuko zaio administrazioarekin euskaraz hitz egitea edo seme-alabei euskarazko irakaskuntza ematea? Onar dezagun errealitatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo