GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Aitor Irigoien Odriozola Getaria

Beldur gara

Beldurra ematen du bizitzeak berak ere sarri beldurra ematen digula sumatzeak. Aspaldidanik heriotzaren beldur; egun bizitzaren beldur; guztiok guztiaren beldur.

Haurrak lehen urteetatik murgilarazten ditugu izuaren zirkulu honetan: Ez joan horra, jausi egingo zara eta, ez urrundu, ez zikindu, ez mugitu, ez ibili harekin, ez ukitu hura... Natur inguruneetan itzulipurdika nahiz herriko txoko ezkutu berrien bila ibiltzen ziren haurren aroa ahitua da: animalien inguruan ibiltzen zirenekoa, mendian lokatzetan nahiz kanpamenduak egiten, hamaika jolas desberdinetan edonon eta edozein haurrekin. Lehen bizia ikusten zuten leku eta ekintza berberetan arriskua ikusten dugu orain.

Urteetan aurrera goazela, gero eta ikara handiagoek inbaditzen gaituzte gainera, izututa bizitzera ohitzen garelarik: Lapurretak edo erasoak izatea, bakartuak, langabetuak, galtzaileak izatea... Honela, desberdina den orori izua izatera iristen gara: azalaren kolorea, sexua, afektibitatea, itxura, pentsaera, jarrera, portaera, bizimodua, adina...

Etxeko leiho guztiak estalita edukitzen zituzten eta portaleko atea ondo itxi eta etxera sartu orduko hainbat krisketa jartzen zituzten bizilagunak izan ditut.

Egia da estatu osoak kontrolatzen dituzten goi politikari eta botere faktikoentzat euren boterea mantentzeko tresna eraginkorrena dela beldurra. Mehatxu faltsuak asmatzen dituzte herritarrak izutu eta gero horretaz baliatuz nahi duten guztia egiteko. Ondoren borrokatuko duten etsaia asmatzean datza hauen jokoa. Ez zait iruditzen, ordea, hau denik gure beldurra azaltzen duen faktore nagusia.

Izan ere, itxuraz dena ongi doa. Denok gara pertsona onak, bizimodu zuzen eta baketsua daramagunak. Inori minik eragiten ez eta inor baztertu edota kaltetzen ez duten hiritar zintzo eta toleranteak gara. Ez dugu besterena den ezer, berez ez dagokigun ezer, bakoitzak merezi duena baitu. Ondorioz, beldur izateko arrazoirik ezean, ez genuke beldurrik izan beharrik. Baina beldur gara. Eta gero eta gehiago gainera. Zergatik ordea? Zeri edota nori diogu beldur barrenean? Benetan uste dugun bezain zuzena ote da dena? Eta irudikatzen diguten bezain bidezkoa ote munduko baliabideen egungo banaketa?

Gure gizarteari galdera hauek egitea inoiz ez bururatzeak ematen dit niri beldur handiena...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo