C. Munitxa, K. Arruti, M. Berrueta, M. Barreña, M. A. Talavera, M. Gaztelurrutia eta Z. Arana Ahotsak taldearen izenean
Durangaldeko Ahotsak
Ahotsak-eko emakumeek, urteetako lanaren ondoren, agiri bat izenpetu zuten 2006ko apirilaren 8an.
Agirian printzipio hauek agertzen ziren:
1-Bakea erdiestea eskakizun kolektiboa eta lehentasun politikoa da.
2-Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe.
3-Euskal gizarteak, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke.
Harrezkero, hainbat ekitaldi egin dira: Euskalduna Jauregian egindako agerraldi jendetsua, zuhaitz landaketak, herriz herriko aurkezpenak... eta, batez ere, herri eta eskualdeetako Ahotsak taldeen sorrera. Durangon ere 2007ko udazkenean emakume talde bat elkartu ginen eta agiria geure eginez, ezagutzen genituen beste emakume batzuengana jo genuen asmo argi batekin: ahal bezain talde anitzena osatu nahi genuen. Hau da, ideologiari, lan arloari, adinari... dagokionez era guztietako emakumeak bildu nahi genituen.
Hilero-hilero bildu izan da gure taldea, eta bertan Durangoko, Iurretako, Berrizko eta Abadiñoko hainbat emakume elkartu gara. Ikasturteko balantzea egiterakoan zakua beterik ez badugu ere, huts-hutsik ere ez dago. Gure artean egoera politikoaz berba egin dugu; gure kezkak eta amorruak agertu ditugu; iritzi ezberdinak -kontrajarriak batzuetan- mahaigaineratu ditugu. Bitartean gertakari latzak jazo dira gure inguruan: hilketak, torturak, auziak, mehatxuak, atxiloketak... Hala ere, ezberdinen arteko elkarrizketaren aldeko apustu finkoa berretsi nahi dugu, eta uda ostean lan ildo berari eutsiko diogula adierazi nahi dugu. Irailean gure asmoen berri eman eta Durangaldeko emakumeei gurekin elkartzeko gonbita egingo diegu berriro. Indarkeria-adierazpenik gabeko bake prozesua behar dugu, eskubide eta askatasun urraketarik gabeko bake prozesua, hain zuzen.