GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pello Odriozolak gaurtik aurrera aske beharko lukeela aldarrikatu dute

Hogei urte espetxean egin ostean, Pello Odriozola tolosarrak gaur bete du zigorra, baina 197/2006 doktrina ezarri diote eta kartzelan jarraitzen du. Bere herrikideek kalean egon beharko lukeela gogorarazi dute.

p016_f02_148x112.jpg

GARA |

Hainbat ekimen antolatu dituzte Tolosan datozen egunetarako Pello Odriozola euskal preso politikoa aske utz dezaten exijitzeko. Izan ere, ezarri zioten zigorra gaur betetzen du eta, hortaz, aske egon beharko luke. Odriozola 1988ko urtarrilaren 28an atxilotu zuen Polizia espainolak ETAko kide izatea egotzita; 30 urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta erredentzioak kontuan izanik gaur bukatzen zen zigorra.

Baina joan den ekainaren erdialdean Espainiako Auzitegi Goreneko 197/2006 doktrina ezarri zioten, eta beste hamar urteko zigorra ezarri zioten, beste hogei bat euskal preso politikorekin gertatu bezala. Hori dela eta, Tolosako Lizardi kultur elkarteak kantuz lagunduriko ekitaldi berezia egin zuen astele- henean preso tolosarrak kalean egon beharko lukeela aldarrikatzeko. Odriozola kultur elkarte horretako bazkidea da, eta gaurtik aurrera zigorra beteta duenez beraiekin egon beharko lukeela adierazi zuten.

Alta, oraindik ez dela aske salatu zuten: «Ez da hemen, ez da libre, ez da etxean, erabat manipulatuta dagoen Espainiako justizia euskaldunon kontra nahierara darabilen politika bidega- bearen biktima delako».

Horren harira, zigorra «Euskal Herriaren askatasunaren alde egindako zinagatik» luzatu diotela adierazi zuten eta dagoeneko kartzelan 20 urte igaro dituela oroitarazi zuten.

Odriozolaren kasua, nahiz eta odol deliturik ez izan, Lasa eta Zabala gazte tolosarrak «bahitu, torturatu eta hil zituztenek» betetako sei eta hiru urteko zigorrekin alderatu zuten, eta «Espainiako justiziaren mirariak konparazio mingarriak eta justizia ustelaren ispilu» direla kritikatu zuten.

Igandean manifestazioa

Errepresaliatu tolosarrarekin gertatzen ari den «bidegabekeria ikaragarria» salatzeko, Lizardi Elkartearen kanpoaldean Odriozola aska dezaten exijitzeko pankartak, eta barrualdean, bere argazkia eta egoera azaltzen duten bi koadro jarriko dituztela esan zuten.

Horrez gain, beste erakunde batzuek egingo dituzten ekimenetan parte hartzeko deia egin zuten. Gaur, iluntzean, kotxe karabana aterako da, larunbatean, berriz, Bonxeko (Lugo) espetxera autobusa eta igandean manifestazioa izango da.

Europako kartzeletan urte gehien daramatzan Jose Mari Sagardui, Gatza, preso politiko zornotzarra ere izan zuten gogoan, eta hilabete honetan espetxean 28 urte beteko dituen presoaren omenez Mikel Urdanga- rinek egindako kantu bat ere abestu zuten ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo