GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Angelu Zainek bere lehentasunen berri emango dio Espilondo alkateari

Herriko-etxea Jean Espilondo sozialistaren gidaritzapean geratu zenetik hiru hilabete bete direnean, Angelu Zain elkarte abertzaleak bere proposamenak helaraziko dizkio auzapezari. AZk bere ideiak aitzinaraztea du helburu, «euskal kulturaren eta angelutarren onerako».

Arantxa MANTEROLA |

Martxoan izandako udal hauteskundeen ostean, Angeluko herriko-etxea sozialisten eskuetan geratu zen. Angelu Zain elkarte abertzaleak aurreko auzapez Robert Villenaverekin (UDF) zuen akordioa, eta 2001eko hauteskundeetan egin bezala, bere zerrendan aurkeztu zituen hainbat hautagai.

Alta, zerrenda hura gobernutik kanpo geratu zenez, zinegotzi bakarra lortu zuten abertzaleek. Hain zuzen ere, Mikel Ithurbide egungo hautetsiak, Iñaki Zaldunbiderekin eta elkarteko beste zenbait kiderekin batera, atzo jakinarazi zuenez, laster batean -uztailaren 9an- bilkura bat izango dute Jean Espilondo egungo auzapezarekin.

Bilera AZk eskatu zuela adierazi zuen Zaldunbidek, alde batetik, «herriko-etxeko gobernuan eskuina edo ezkerra izan, abertzaleen helburua bere ideiak aitzinaraztea» delako eta, bestetik, kanpainaren bigarren itzulia baino lehen, Espilondok berak prentsan egin adierazpenengatik. Izan ere, orduan oraindik auzapeza ez zelarik, abertzaleek sozialistekin Villenaverekin baino «zerbait hobea» izango zutela esan zuen.

Baieztapen hori kontuan hartu du AZk eta legealdi honetarako aurkeztu zituzten lehentasunezko gaiak mahaigaineratu eta gauzatzeko proposamena egin nahi diote auzapezari.

Proposamen «sakonagoak»

AZren programa aurreko hauteskundeetakoa baino «sakonagoa eta landuagoa» dela nabarmendu zuen Zaldunbidek: «Hizkuntza eta kultur gaiez gain, ingurumena, alor soziala, etxebizitza, gazteria eta lurralde antolamenduarekin zerikusia duten proposamenak ditugu eta borondate osoa dugu ideia hauek aitzinarazteko, besteren artean, angelutarren onerako direla uste dugulako».

Egitasmo horien artean, besteak beste, Manex Goienetxe kultur etxea handitzea, euskal haurtzaindegia eraikitzea, Gazteen Kontseilua sortzea eta etxebizitza sozial gehiago egitea daude.

Mikel Ithurbide zinegotziak azaldu zuenez, UMP eta UDF-MoDemeko hautetsiak oposizio-talde bateratuan biltzekoak dira, baina AZ ez da bertan izango. Haiekin elkarlanean igarotako urteak «emankorrak» izan direla eta harremana mantentzeko asmoa dutela adierazita, «behar denean udalbatzan gaien inguruko erabakiak hartzerakoan beraiekin bat etorriko» direla gaineratu zuen.

AZren estrategia, «ahal dela boterean dagoen taldearekin akordioak egitea» dela gogorarazi zuen Ithurbidek, «beti ere ideia eta proposamen abertzaleak aitzinarazteko asmoz».

ESTRATEGIA

Angelu Zainen helburua ez da «oposizioarekin edo Espilondorekin bat etortzea». Dagoeneko buruan ditu hurrengo bozak eta, ordurako, beste batzuekin batera baino, bere zerrenda aurkeztu nahi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo