Analisia
Garmendia: «Ikasteko gogoz dago jendea San Pedron»
Gaizka Garmendia patroi zarauztarra urrian iritsi zen «Libia»ra, baina hasieratik hartu omen zion traza ona
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aurtengo neguan iritsi da Gaizka Garmendia patroi zarauztarra San Pedro aldera eta berak dioen moduan «gurdira igotzen azkena» izan den arren «une egokian sartzea» tokatu zaio. Hondarribiko bigarren ontziarekin bi urtez lanean aritu ostean, «esperientziarekin oso pozik baina errepidean pasatako ordu guztiekin nahiko aspertuta» bukatu zuen. Eta halako batean, edozein kirolariri tentatzeko moduko gonbita iritsi zitzaion San Pedro aldetik. «Punta-puntako ontzi baten patroia izateko eskaintza egin zidaten. 34 urte ditut eta agian ez ditut horrelako aukera gehiago izango. Ezin nuen alferrik galdu».
Arraun munduan eskarmentu handiko gizona da Garmendia, eta udaberrian jada hartu omen zion «Libia»ri aurre-aurrean ibiltzeko tankera. «Neure artean pentsatzen nuen, `iaz bigarren txandan eroso ibili zen tripulazioko lau mutilek lekua ziurtatuta ez baldin badute atzetik jende hobea datorrelako...' Eta hala gertatu da. Ontzi barruan lehiakortasuna egon da hasiera-hasieratik eta horrek maila igoarazi egin du». Eta lehendik ongi dabilenak hobetzera egiten badu...
Ezustekoa, bai ala ez?
Egunotan komunikabideetan izan duten oihartzuna kontuan hartuta, argi geratu da oso jende gutxik espero zuela San Pedro bandera irabazteko lehian bete-betean sartuta ibiltzea. «Traineruarekin bost estropadatan lehiatuta geunden. Otsail-martxoko jaitsieratan ikusten genuen ontzia ondo baino hobeto zebilela, baina oraindik oso goiz zen ezer esateko. Jakin-mina geneukan. Baina Mutrikun ikusi genuen oso goian ibiltzeko prest geundela. Zaragozan bezala, bigarren amaitu genuen Urdaibairen atzetik estropada amaierara arte aurretik joan eta gero. Horregatik, pixka bat harritu ninduen komunikabideetako pronostikoetan gu aurreneko bospasei postuetatik kanpo uzteak. Urdaibai ez beste guztiak adina ibiltzeko gai ginela banekien».
Aurreneko estropada puntuagarria izan arren, igandeko emaitzak baikor izateko arrazoiak ematen dizkio Gaizka Garmendiari. «Urrian San Pedro aldetik dei egin zidatenean beste guztiek bezala pentsatzen nuen: `ea iazko mailari eusten diogun eta, nork daki, egunen batean, beste guztiek huts egiten badute, agian banderaren bat irabaz dezakegun». Baina bertan ikusi dudana da, batetik, jende oso saiatua, fisikoki behar beste entrenatzeko arazorik ez duena, eta, bestetik, arraunean urte gutxi daramatzan jendea, teknikoki hobetzeko eta ikasteko prest dagoena. Arraunean urte gehiago daramatzan jendeari ez dio grazia handirik egiten teknikoki zerbait aldatzeko eskatzea eta zenbaitek gaizki ere hartzen du gomendioren bat ematea».
Eta arraun munduan urte dezente daramatzan jendearekin hitz egiten dugun bakoitzean egin bezala, Garmendiari arraunaren egungo egoera nola ikusten duen ere galdetu diogu: «Aitortzen dut TKE Ligarekin oso kritikoa izan nintzela. Indartsuenek beren etorkizuna ziurtatuko zutela eta beste guztiei jaramon handirik ez zitzaiela egingo uste nuen. Baina KAE-ren beste bi ligak oso garrantzitsuak izan dira. Orain talde apalenak ere badaki bere mailakoekin lehiatu ahal izango dela. Hori oso garrantzitsua da gazteekin lan egiteko. Larritzen nauena Hondarribitik edo Oriotik izan ezik, jende gazte gutxi iristen dela traineruetara. Bizkaian, adibidez, KAE-2 Ligako ontzietan hain jende beteranoa ikustea ez da albiste ona».
La aparente tranquilidad con la que se llevó a cabo la primera regata de la Liga San Miguel contrasta con las dos polémicas regatas de la ARC que se disputaron el fin de semana. Por un lado, la Bandera de Portugalete acabó con dos embarcaciones descalificadas, Santurtzi y Donostiarra, y una sanción de tres segundos para Zierbena. La «Sotera» fue descartada de la competición por un abordaje según los jueces de la regata y los donostiarras no pudieron competir el domingo por no alcanzar el peso mínimo requerido durante el pesaje de la trainera. En declaraciones recogidas por DV, el entrenador Luis Mari Etxart se quejaba de que el jueves anterior pesaron su nueva trainera en la báscula oficial de la Federación Vasca «con dos técnicos de testigo» y el resultado fue de 202 kilos. Pero el día de regata, el peso no llegó a los 200 kilos mínimos por 400 gramos.
Por otro lado, Orio acabó muy disgustado en su regata de la ARC-2. Las embarcaciones salieron con un minuto de diferencia y tuvieron que adelantar a Maruca con todos los problemas que ello supone en una contrarreloj.
Sei urte eman zituen Garmendiak Trintxerpen, eta pozik dago iazko hutsunearen ondoren aurten berriz ere uretara irten direlako. «Nirekin arraun egindako jendea sartu da zuzendaritzan eta jubeniletan aritutako koadrila polit bat erakarri dute berriz arraunera. Hori pozgarria da oso».