Siriak eta Israelek Golani buruzko elkarrizketei ekin diete berriro ere
Golan Damaskori itzultzeko mintza saioen epe berri bati ekin zioten atzo Istanbulen Siriak eta Israelek. Hala ere, bezperan Knesset-en (Israelgo Parlamentuan) 1967an indarrez bereganaturiko lurralde hau itzultzea oztopatzeko lege bat onartu zuten.
GARA |
Israelek eta Siriak mintza saioen hirugarren zikloari ekin zioten atzo Istanbulen, Knesset-ek (Israelgo Parlamentuak) Golan gailurrak Damaskori itzultzeko oztopoak jartzeko lege bat onartu eta hurrengo egunean.
Israelgo lehen ministro Ehud Olmerten bi kontseilari, Shalom Turjeman eta Ioram Turbowitz, Turkiara joan ziren, iturri israeldarrek jakitera eman zutenez.
Istanbulen, diplomatiko turkiarrek bitartekaritza lanak egin zituzten Israelgo eta Siriako ordezkariak ez baitira inoiz gela berean elkartzen.
Anonimotasuna gorde nahi izan zuen arduradun baten arabera, Israelek datozen asteotan elkarrizketa zuzenei ekin nahi die.
Halere, Knesset-en izandako bozketak elkarrizketa hauek zapuztu ditzake. Astelehenean, Israelek indarrez bereganatu zituen lurraldeak [Golan eta Eki-Jerusalem] itzultzeko erreferendum bat edo 80 parlamentariren -orotara 120 daude- sostengua beharrezkoa duen lege bat onartu zuten lehen irakurketan.
65 diputatuk egin zuten lege horren alde eta soilik 18k aurka. Beste bi bozketa behar dira oraindik legea indarrean sartzeko.
Adituen arabera, Shass alderdi sefardiak aurkeztu duen lege honen helburua Israelek 1967an indarrez okupatu zuen Golan itzultzeko oztopoak jartzea da.
Maiatzean, Olmertek Israel Golan itzultzeko prest zegoela adierazi zuen -«nahiz eta guretzat erabaki gogorra izan», esan zuen-, horrela, Siriarekin bake akordioa sinatu ahal izateko.
Astelehenean, Kadimako [Olmerten alderdia], Alderdi Laborista [Gobernuko kidea hau ere] eta Shass-eko diputatuek bat egin zuten lehen ministroaren asmoen aurkako lege honekin.
Gazara gaiak garraiatzeko hiru pasabide itxi zituen atzo Israelek zigor gisa, Negeven eroritako suziriak zirela-eta. Egiptok, ordea, Rafahko igarobidea ireki zuen.