GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Egin» egunkaria eta Egin Irratiaren itxieraren 10. urteurrena

«Askatasunaren adierazpenaren» aurkako erasoa ahaztu nahi ez dutelako

Datorren uztailaren 15ean beteko dira hamar urte Polizia espainolak «Egin» egunkariaren eta Egin irratiaren egoitzetan sartu, hainbat lagun atxilotu eta «herriarengandik sortu eta herriari ahotsa emateko xedearekin» sortutako komunikazio proiektua isilarazteko pausoa eman zutenetik. Langile ohiek ez dute data hau inondik ere pasatzen utzi nahi eta adierazpen askatasunaren aldeko ekitaldia antolatu dute uztailaren 12rako Hernaniko kiroldegian.

p006_f01.jpg

Maider EIZMENDI | DONOSTIA

«Ez dugulako ez ahaztu, ez eta berriro gertatzerik nahi ere; lankide izan genituenak espetxean ditugulako oraindik; bidegabekeria handia egin zelako; eta, batez ere, adierazpen askatasunaren alde gaudelako». Horrela arrazoitu zuen «Egin» egunkariko eta Egin Irratiko lankide eta kolaboratzaile ohi taldeak, datorren uztailaren 12an, egin asmo duten jaiaren funtsa.

Ixiar Arteaga kazetariak hartu zuen guztien izenean hitza atzo Donostian egindako agerraldian. Aditzera eman zuenez, Hernaniko kiroldegian izango da zita, arratsaldeko 19.00etan; eta herritarrei egun horretan bidelagun izan daitezen dei egin zien; izan ere, Arteagak nabarmendu zuenez, «herriarengandik sortu eta herriari hitza emateko helburuarekin» sortutako proiektuak izan ziren.

Iragarri zuenez, kultur arloko hainbat izen ezagun izango dira jaian, besteren artean, Xabier Amuriza, Alfonso Sastre, Joseba Tapia, Morau, Esne Beltza, Rafael Castellano eta Mertxe Aizpurua.

Jon Maia bertsolariak ere hartu zuen parte agerraldian eta hitz goxo eta hunkigarriak eskaini zizkion, gaueko iluntasuna baliatuz polizia espainolek 1998ko uztailaren 15eko goizaldean itxi zituzten «Egin» egunkariari eta Egin Irratiari: «Beti esan izan da euskaldunok ez dugula geure historia kontatu inoiz. Kontzientzia horretatik milaka herritarrek bat egin zuten `Egin' sortzeko, gure historia kontatu ahal izateko; Euskal Herria bere buruaren jabe, ikuspuntu ezkertiar batetik, nazio gisa ulertzeko leiho bat sortu zuten milaka herritarrek», nabarmendu zuen bertsolari zumaiarrak honakoa gaineratuz: «Horregatik uste dut `Egin' itxi zutenean ez zutela adierazpen askatasuna itxi nahi izan, askatasunaren adierazpena baizik».

«`Egin'ek lehenengoz...»

«Egin» egunkaria eta Egin Irratiaren berezitasunak ere aintzat izan eta komunikazio proiektu haiek emandako urrats garrantzitsuak goraipatu zituen: «`Egin'ek berak kontatu zigun lehen aldiz eguneroko prentsan, eguneroko irrati albisteetan eta kontakizunetan Osasuna euskal taldea dela, euskal rock-ak ez zuela dirurik emanen, Euskal Herri osoko mendi bideak nola egin genitzakeen, xakean ere euskaraz joka zitekeela, Baiona Euskal Herriko hiri bat dela eta ez Frantziakoa... Hori dena `Egin'ek esan zigun lehen aldiz eguneroko prentsan». Baina ez hori bakarrik, «Egin»en ezaugarri gisa aipatu zuen beste hau ere: «Retegiri buruz egin bezala hitz egiten zigun Larry Bird-ek egin zuen partidaz, euskaraz, edota Tasio-z bezala hitz egiten zigun Pulp Fiction-i buruz».

Hitz hunkigarriok eskaini ostean, itxierari heldu zion sendo eta zera adierazi zuen: «Txoria hiltzen duenak ez du basoa desagerrarazten. Txoria hil nahi izan zuten edo, behintzat, hegoak ebaki nahi zizkioten», baina «`Egin'en kontra hain gogor jota ere, hor dirau Osasunak, ez da desagertu; hor diraute euskal mendiek, betiko lekuetan; hor dirau euskal rock-ak... Hor dirau guztiak». «Egin»en leihoa galdu zuten guztiek.

«Egin»en itxiera eragin zutenei ere erreparatu zien Maiak: «Bere burua erretretatuta ikusten zutelako itxi nahi zuten `Egin'; ez zitzaielako gustatzen ispiluan ikusten zutena; horregatik, ispiluari harriak botatzen hasi ziren eta ispilua hautsi zuten, baina beraiek hor diraute, zoritxarrez, hor dirau errepresioak, hor dirau herri honen ukazioak; ispilua hautsita ere ez zutelako errealitatea hautsi».

Historia kontatzeko jaio zenez, «`Egin' egunkaria eta Egin Irratia Euskal Herriko historiaren zati» direla ere esan zuen bertsolariak: «Euskal Herriko iraganaren zati direlako, horregatik dira gaurko eta biharko Euskal Herriaren zimendu; ez dago Euskal Herria ulertzerik `Egin' gabe».

Lankide ohiek zein Maiak berak oso presente izan zituzten «Egin»en itxieran atxilotu eta espetxeratu zituzten lagunak eta 18/98 makrosumarioan epaitu eta abenduaz geroztik, Euskal Herritik urrun, espetxean daudenak: «Euskal herritar askoren artean sortu genuen `Egin', milaka horietatik batzuk orain kartzelan daude, kazetari izateagatik, eragile izateagatik eta guztiak gogoan ditugu».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo