GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Zuzenbide Estatu batean bizi ote gara?

Espainiar agintariek behin eta berriz kontrakoa esaten duten arren, Zuzenbide Estatua ez da demokraziaren sinonimo, ezta gutxiago ere. Estatu espainolaren kasua etengabe ez aipatzearren, Turkiako edo Pakistango kasuek argi erakusten dute egitate hau. Zuzenbide Estatua, gehienez ere, demokrazia formalerako aurrebaldintza da. Baina bi kontzeptu horiek nahasten eta berdintzen horrenbeste ahalegintzen diren estatuen kasuan -eta horretan bai, aipatutako hiru herrialdeak «eredugarriak» dira-, ez bata eta ez bestea ez direla benetan ematen aurreikus daiteke.

Honen guztiaren adibidea atzo bizi ahal izan zuen Oarsoaldeko eta Ezkerraldeko gazte talde batek. Baita, neurri apalagoan bada ere, ETAri dirua ematearen akusaziopean goizean atxilotu zuten enpresari bizkaitarrak ere. Hamar gazte horiek bilatze eta atxilotze agindua zuten apirilean eta maiatzean Poliziak burututako operazioen ondorioz. Denbora honetan guztian zehar, Madrilgo Auzitegi Nazionalaren aurrean beren burua aurkezten ahalegindu dira, baina epaileek ezetz esan diete behin eta berriz. Ezezko horren helburu bakarra gazte horiek atxilotzea edo erbestera bultzatzea zen. Bestalde, prozedura horrek argi erakusten du Estatu espainolean atxiloketek ez dutela helburu itaunketa edo ikerketa hobetzea, baizik eta bortxaren, tratu txarren edota torturaren bitartez, atxilotuek euren aurka deklara dezaten lortzea. Jakina, deklarazio polizial hutsak froga gisa balio duen Estatu batez ari gara; tortura baimentzen eta babesten duen Estatuaz ari gara; kartzelatze prebentiboa araua den Estatu batean gertatzen da hau. Alegia, printzipioz herritar guztien berdintasuna bermatu behar duen Zuzenbide Estatua guztiz desagertzen da kasu hauetan guztietan. Auzipetua euskal herritarra bada, bederen.

Estatu espainolean euskal gatazka gutxieneko kostuarekin iraunaraz dezaketela esaten duten horiek, balizko ikuspuntu «aurrerakoi» batetik gainera, iraute horren ondorioen edo kostuen barruan Zuzenbide Estatuaren erabateko gainbehera sartzen ote dute? Esan bezala, Estatu espainolean demokrazia noizbait jaioko bada, Zuzenbide Estatua horretarako aurrebaldintza da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo