Ateoak baina gizatiarrak gara, Jainkoari eskerrak!
Espainiako Gotzaien Batzarra ez da liburuak larrutzera mugatzen soil-soilik (Pagola Jesusen historia «desitxuratu» izanagatik gurutziltzatu dute). Zinema kritikari ere bilakatu zaigu azken sasoian. Bere web orrian erlijio kristauarekin harremana duten filmen egokitasuna epaitu baitu. Gaitzesgarrienen artean, jakina, Scorseseren «The Last Temptation of Christ»
Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea
Inkisizioa XIX. mende hasieran desagertu zen. Izena aldatuko zioten, apika. Izan ere, oraindik bere horretan darrai. Bizi-bizi. Vienako futbol zelairik entzutetsuenean terrorismoaren apologiaren legearen beldurrik gabe arranotxodun «piper-potoa» haizatzen duten demokrata organikoak bezalaxe; hartz errusiar mozkortiak gupidarik gabe akabatzen dituzten odol urdineko ehiztari «Soberanozaleen» antzera; edo lehen «en cristiano» hitz egiteko esan eta egun gaztelaniaren aldeko sinadurak biltzen dabilzkigun abertzale «transbertsalak» bezalatsu. Finean, Espainiako Gotzainen Batzarreko Fedearen Doktrinarako Batzordea Inkisizioaren eufemismo bat besterik ez baita. Galde iezaiozue Jose Antonio Pagolari, bestela. Jesusen historia «desitxuratu» izanagatik gurutziltzatu baitute Rouco Varelaren apostoluek; Uriarte gotzainaren nihil obstat eta imprimatur bermeak, Ibarretxeren kontsultako boto-txartelak legez, komuneko paper bilakatuz.
«Jesús, Aproximación histórica» liburuan fedearen eta historiaren arteko haustura ezarri omen du teologialariak, ustez salbatzailearen gizatasuna eta jainkotasuna bereiziz. Benedikto XVI. aita santuaren «Jesús de Nazaret» liburuan agertzen den Jesusekin zerikusirik ez duela, alegia. Bere gizatasuna aldarrikatzen baitu Jainkoaren semeak Pagolarenean. Lotsagabea behar du gero!
Alta, Espainiako Gotzainen Batzarra ez da liburuak larrutzera mugatzen soil-soilik. Zinema kritikari ere bilakatu zaigu azken sasoian. Bere web orrian erlijio kristauarekin harremana duten filmen egokitasuna epaitu baitu. Gaitzesgarrienen artean, jakina, Martin Scorsese zinemagilearen «The Last Temptation of Christ» (1988) filmak ohorezko txokoa du: «Kristo ahul bat ageri da, bere jainkotasunaren zalantzan murgilduta erabat. Ez dator Ebanjelioetatik, Kazantzakis-en eleberritik baizik. Sinesgaitza da oso».
Kritikarik bitxiena, ordea, Luis Buñuel zinemagilearen «Nazarín» (1958) maisulanarena da. Inkisizioaren zentsorearen ustez filma «laudagarria» den arren, badu alde makurrik: «Ikuspuntu erlijiosotik, anbiguoa eta negatiboa da. Gizatasuna dago, baina Nazarinen amaierako begirada ez da maitasunekoa, itxaropenik ezaren mikatza du». Hortaz, Pagolaren Jesus eta Buñuelen Nazarin bekatari hutsak ditugu. Sakonean, baina, elizgizon «dibinoei» Kazantzakisen Kristo hereseari leporatzen dioten horixe bera falta zaie: gizatasuna. Errukitu zaitez haiekin, Aita. Ondotxo baitakite zer egiten duten.