«Sarrionandiak idatzitako unibertsoan murgildu eta dantza lana sortu dugu»
Mireia Gabilondok (Bergara, 1965) Tanttaka taldeko ikuskizunak zuzendu ditu. Antzerki talde honek Kukai Dantza taldearekin egindako bi ikuskizunen buruan ere ikusi izan dugu Mireia. Uztailaren 11n bi talde hauek elkarrekin sortutako hirugarren lanaren, hots, «Hnuy Illa»-ren aurkezpen osoa egingo dute Donostiako Azokan. Egun berean, Tanttakaren 25. urteurrena ospatuko dute lagunarteko festa batekin.
Itziar AMESTOY
Kukai eta Tanttaka taldeek elkarrekin hasitako ibilbidean aurrerapausoa eman dute «Hnuy Illa» ikuskizunarekin. Joseba Sarrionandiaren poesia landuz eta idazlearen unibertsoan murgilduz sortu zen lana. Ideia horri, Iñaki Salvadorrek musika jarri dio eta Jon Mayak koreografia pentsatu du. Lan guzti hau taularatzeko Kukai eta Tanttakak egindako lanetan parte hartzen duten zazpi dantzariak egongo dira. Dantza eta poesia elkarren eskutik doaz ikuskisun berri honetan, gorputzaren mugimenduaren bidez Sarrionandiak idatzitako unibertsoa azaltzeko intentzioarekin. Hau dena ikusteko parada izango da hilaren 11n Tabakaleran egingo duten emanaldi berezian.
Nola sortu zen «Hnuy Illa» lan berri hau?
Kukai eta Tanttakakoek jada pare bat ikuskizun egin ditugu elkarrekin, «1937» eta «Otehitzari biraka», hain zuzen. Hirugarren bat elkarrekin sortzeko gogoa piztu zitzaigun elkarrekin generaman ibilbidea eta honetan lortutakoa ikusita. Asmoa izanda, beti egin izan dugun bezala, dantza tradizionalarekin lantzen hasi ginen. Baina oraingoan ez ginen gauza berdinean gelditu nahi, pauso bat gehiago eman nahi genuen dantza garaikideko elementu batzuk sartuz. Bi elementu hauek esku artean genituela, gidoia edo zerbait kontatu nahia zela-eta, Sarrionandiaren poesia lantzen ibili ginen. Azkenik, lan berri honentzat Iñaki Salvadorren musika ezin egokiagoa izango zela erabaki genuen.
Eta orain, behin taularatuta, hasierako helburuak lortu dituzuela uste duzu?
Uste dut pauso bat aurrera egin dugula, hala ere hori ikusleek esan behar duten zerbait da. Bide horretan ondo sentitzen gara; azken finean, poesia hartu, aztertu eta ikuskizunaren osagai bihurtu dugu. Ez genuen poesiarekin zerbait lantzera mugatu nahi, baizik eta «Hnuy Illa»-ren parte nagusi izatea nahi genuen.
Zer-nolako ekarpenak egin dizkio dantzak poesiari, eta alderantziz?
Poesia asko gustatzen zait, bizitzarako oso polita edo garrantzistua dela uste dut. Azkenean, hitz gutxiagorekin zer sentitzen den esatean datza, emozio edo sentimenduen munduan murgiltzeko era polita da. Dantzarekin nahaste hori, mugimendua den hizkuntzaren bidez poema horrek esaten duena azaltzeko bide bat da. Gure lanean ez dugu poesia hartu eta bertan esaten dena kontatu, baizik testu horrek guri esan eta sentiarazi diguna koreografiaren bidez azaltzeko intentzioa izan dugu.
Zergatik aukeratu duzue Joseba Sarrionandia eta ez beste idazleren bat?
Niri asko gustatzen zait Sarrionandiaren poesia eta lan oso zabala dauka. Bere poemekin orain dela urte asko errezitaldi bat egiteko gogoz ibili nintzen. Landu eta hamar-hamabost urte pasatu ondoren bere tokia eduki du. Egia esan, lan hain zabala izanda, zailena hortik zerbait aukeratzea izan da, bere unibertsoan adierazgarria dena topatzea. Gauza da bere poesia osoaren berri ematea ezinezkoa dela, edo, gutxienez, ez zen hori gure asmoa. Irakurri eta irakurri ibili ginen, aukeraketa egiten eta horrekin lan bat sortzen.
Sarrionandiaren ibilbide osoko poesiak hartu dituzue?
Batez ere «Hnuy Illa» liburutik atera ditugu testuak, eta hortik dator, nola ez, ikuskizunaren izenburua. Hala ere, «Gartzelako poemak» liburutik zatiren bat ere aurkitu daiteke eta Mikel Laboak kantatutako abesti batzuk -Sarrionandiaren poemen gainean egindakoak- ere sartu ditugu. Denetik pixka bat aurki daiteke, erbestearen gaineko fado bat ere aurkitu dugu, nahiko bitxia geratu dena. Azken finean, Sarri-ren unibertsoan murgildu gara horrekin ikuskizun bat sortzeko.
Ikuskizunean nabari al da Kukai eta Tanttaka taldeen arteko lotura handiago bat?
Ikusleak esan behar du gure arteko lankidetzan beste pauso bat ematea lortu dugun, baina nik baietz uste dut. Hirugarren lana denez, lankidetza sakontzen joan gara. Gure artean geroz eta gehiago ezagutzen joan gara eta hau oso garrantzitsua da, hobeto dakigulako besteak nola lan egiten duen, nola eskatu behar diren gauzak.
Bi ikuskizunetan ondo joan bada, hirugarren bat aurkeztu baduzue, laugarren bat egon al daiteke?
Ez ditut laugarren lan baten ateak ixten. Oraingoz honekin nahiko lan daukagu, estreinatu berri da eta orain ikusiko dugu nola doan, ea zer pasatzen den, eta gero... auskalo. Baina, esan bezala, ez ditut ateak ixten.
Maiatzaren 9an Leioan aurkeztu zenuten lana estreinakoz. Zein izan da ikus-entzuleen harrera handik aurrera egindako beste emanaldietan?
Egia esanda, oso ona izan da jaso dugun jarrera; pozik nago alde horretatik. Orain dela pare bat hilabete estreinatu ondoren, soilik lau emanaldi egin ditugu. Berez, datorren astean Donostian izango da aurkezpen osoa, Azoka barruan egingo duguna. Han ikusiko dugu azkenik zer gertatzen den, baina, mementoz ikusi dugun jarrerarekin, oso harrera beroa izan dugula esan daiteke, jendea ideiarekin gustora geratzen dela ematen du edo, gutxienez, hori uste dut.
Esango al zenuke Sarrionandiaren lana ezagutu behar dela ikuskizuna ulertzeko?
Ez du zertan horrela izan behar. Alde batetik, Sarri ezagutzen duenak ondo ikusi ahal ditu idazlearen hitzak lan honetan, edo, gutxienez, hori egiten saiatu gara. Baina ezagutzen ez duenak ere beste mundu berri bat ezagutzeko aukera izan dezake. Kontuan hartu behar da zazpi dantzariak beren sentimenduen berri ematen saiatuko direla eta, hortaz, aurretik ez dela edukia ezagutu behar. Zazpiko talde hau beste ikuskizunetan lan egin dugun berbera da -hau da, on Maya, Alain Maya, Enero Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena Vanesa Castaño eta Nerea Vesga osatutako taldea-.
Musika aldetik, nola aukeratu zenuten Iñaki Salvador horretaz arduratzeko?
Gure lanetan musika toki desberdinetatik etorri da. Lehenengoan, Joan Mari Beltranen diskoa zegoelako sortu zen gure ikuskizuna. Bigarrena sortzeko beharra ikusi genuen, eta horretarako Bingen Mendizabal, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel F. Krutzagarekin lan egin genuen. Oraingoan, gure artean elkartu ondoren ikusi genuen Iñaki Salvador oso aproposa zela. Askotan egin dugu lan berarekin eta, hainbeste ezagutzen dugunez elkar, ohituta gaude elkarrekin lan egiten. Hau izan zen bera aukeratzeko arrazoia, eta oso musika polita egin duela uste dut.
Uztailaren 11n egingo duzuen emanaldia Tanttakaren 25. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan sartu behar da?
Bai, egun horretarako festatxo bat antolatu dugu. Egunean zehar Tanttakaren bi lan ikusi ahal izango dira. Arratsaldean, «Comida para peces» egingo dugu -Antzoki Zaharrean 19.15ean-, eta gau aldera «Hnuy Illa»-ren aurkezpen osoa egingo dugu -Tabakaleran, 23.00etan-.
Eta ondoren...
Ba, ikuskizuna bukatzen denean, lagunentzako festatxo bat antolatu dugu. 25 urte lanean eramatea ospatu beharreko kontua baita. Antzoki Zaharraren ondoan dagoen kasinoan egingo dugu jaia, behealdean dagoen gela handi batean. Beti izan ohi da ospatzeko gogoa, ezta? Eta, gainera Azokaren barruan sartzen denez, era biribilean ospatu ahal izango dugu. Ondo pasatzeko asmoa dugu eta parranda txiki bat egiteko une aproposa da.