GARA > Idatzia > > Kultura

Hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik

Dorleta URRETABIZKAIA  Aktorea eta idazlea

San Joan gauarekin batera Euskal Herriko herri eta hiri asko festa egunetan murgilduak ditugu. Haurrek ikastola amaitu dute eta gazteak ikasturte amaiera ospatzen ari dira oraindik. Eta herri eta hirietako jaiekin batera, antzerkia ere festa giroan murgildu zaigu gure kaleetan zehar. Uda egunetan gaude eta, aurten tenporak nahasiak geratu badira ere, ez dago gure kale antzerkia geratuko duen ekaitz motarik.

Bilboko Kalealdia jaialdia hasita daukagu dagoeneko. Gran Via kalean Charles Chaplin, Harrison Ford, Groucho Marx, Superman eta beste hainbat zinemako izar ikusteko aukera izan dugu eta oraindik ere jaialdiak ez ditu bereak eman, 8tik 10era bitartean zirku eta klown ikuskizun ugari gozatzeko aukera izango baitugu Bilboko Alde Zaharrean. Ganso Clown, Malas Compañias, Circo Imprevisto, La Guasa, De bote en bote, Les Apostrophes, Chabatz D´Entrar, La Tal, Trapu Zaharra, Gaitzerdi, Markeliñe... eta abar luze bat.

Eta Bilbotik Lekeitiora jauzi egingo dugu, hilaren 11tik 13ra bitartean Lekeitioko 19. Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia ospatuko baita. Bertan, gure sukaldeetan egositako ikuskizunekin batera, Errusiatik, Alemaniatik, Quebec-etik, Estatu frantsesetik eta Kataluniatik etorritako ikuskizunak ezagutzeko aukera izango baitugu.

Eta Bizkaiko itsasaldetik, gipuzkoar kostara gerturatuko gara, hilaren 8tik 13ra bitartean hogei urte beteko dituen Donostiako XIV. dFERIA ospatuko baita. Antzerki munduan erreferentzia bilakatzen ari zaigun Arte Eszenikoen Jaialdi honek mundu osotik ekarritako antzezlan berritzaileak eskainiko dizkigu Victoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Kursaal, Tabakalera, Jareño eta Lugaritz antzokietan. Eta aurtengo edizioa sekula baino nazioartekoagoa izango da, Argentinatik, Japondik, Errusiatik, Portugaldik eta Brasildik ekarritako ikuskizunak gozatzeko aukera izango baitugu. Bost egunetan zehar 24 antzezlan desberdin ikusteko aukera izango dugu antzoki barruetan, eta azpimarratu beharrekoak dira Enrique Federman eta Peter Brook maisuen lanak, horrelako aukerak ez baitira egunero izaten. Estreinaldi pare bat ere izango ditugu, hala nola, Kukai-Tanttakak ekoitzitako Joseba Sarrionandiaren poesian oinarritutako «Hnuy Illa» eta La Dinamika taldearen «Animaliak!» ikuskizunak. Eta Euskal Herriko antzerkiari dagokionez, Agirre Teatroaren «Putzuak Lehortzen», Pok Produkzioak-en «Amamaren memoria», Tanttakaren «Arrainen bazka» eta Kukubiltxoren «Haritzaren azalera zehatza» antzezlanak ikusteko aukera izango dugu. Eta hau guztia gutxi izango balitz, antzerkiaren sektoreko hainbat profesionalek osatutako mahai inguruak ere izango dira antzerkiaren egungo egoeraz hausnarketa egiteko. Antzerkia beti omen dago krisian, baina, San Joan gauean Victoria Eugenia antzokian ospatu zen Euskal Aktoreen Sindikatuaren 20.urteurrenaren ospakizunean esan bezala, hor dirau beti borrokan... hodei guztien azpitik eta sasi guztien gainetik...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo