Andoni Aranberri eta Maria Jesus Gurrutxaga Itziar Herria Sortzen plataformaren izenean
Erabakitze eskubidearen diskurtsoari buruzko egia
Itziar Debatik banatzearen aldeko Itziar Herria Sortzen plataformak, azkena egin den hauteskunde prozesuan nahaspilarik ez eragitearren, orain arte atzeratu du gizarteari, Euskal Herriko alderdi politikoek eskatzen duten erabakitze eskubidea Gipuzkoan nola erabiltzen den jendaurrean azaltzea.
Irakurlea, alderdi politiko denek zerbaitetan bat egiten dutela konturatuko da: Euskal Herriak bere etorkizuna aukeratu eta erabakitzeko eskubidea duela. Behin eta berriro aspalditik egiten ari diren eskaera da, batez ere Ibarretxe Lehendakariak datorren urrirako antolatu duen galdeketa Legebiltzarrean onartu ondoren. Eta bere diskurtsoaren arabera, zeina guk ere onartzen dugun, jakina, hitza herriari eman behar zaio.
Hala ere, Itziartik kezkaz beterik ikusten dugu alderdi nazionalistak behin eta berriro Madrilen egiten ari diren eskaera hau erretorika hutsa ez ote den bilakatu, Euskal Herrian Gobernuan egonda eta horretarako ahalmena dutenean ez baitute aurrera eramaten lelo hori. Eta hortaz zeresana badugu Itziarren eta Igeldon, azken hau Donostiatik banatzearen alde agertu baitzen.
Madrilen aurrean herriek euren etorkizuna aukeratzeko duten eskubidea defendatzen dute, baina gure erakundeetan aurkako jarrera erakusten dute. Itziar eta Igeldoko biztanleen nahia ukatzeaz gain, ausardiaz eta lotsa gabe, banatu nahi duten herri guztien betebeharrei buruzko legeak gogortzen saiatzen dira. Itziar eta Igeldoko biztanleek jakin nahi lukete erakundeek noiz beteko duten beren diskurtso ofiziala, eta noiz errespetatuko duten Euskal Herrian, erabakitzeko eskubidea.
Gutxi laguntzen du orain artean erakutsi duten jarrerak ere, Madrilen aldarrikatzen dutenaren aurkakoa eginez Euskal Herrian, agintea duten erakundeetan kontrakoa defendatzen dutenean, edozein banaketa oztopatzen duten arauak gogortuz. Bitartean, Madrilgo gobernuaren aurrean bere diskurtso ofiziala bestelakoa da; hots, inolako konstituzio edota legek ezin omen ditu ukatu Euskal Herriak bere antolatzeko legezko eskubideak, baina hemen Gipuzkoan, foru arau bat moldatu dute eskubide hori Itziarri eta Igeldori ukatzeko.
Inmorala da eta herritarrenganako iruzur politiko baten aurrean gaude, alderdi nazionalistek Estatu espainolaren aurrean behin eta berriro Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta hemen urteetan Itziar eta Igeldo banatzeari oztopoak jarriz agertzen direnean. Era berean Araba eta Nafarroako kasu batzuetan existitzen diren bezala, hemen, auzo-alkatetza izaera izendatzeko gaitasunik ere ez dute izan.
Itziar Herria Sortzen plataformaren aldetik, alderdi abertzaleetako kideek, baita ezker abertzalekoek ere, euren ordezkariek duten jarrera lotsagarriari zerbait esan diezaioten eskatzen diegu, era berean jarrera zuzentzera behartu, zintzo jokatuz herrien aukeratzeko eskubideari buruzko bere diskurtso ofizialarekin.
Itziar eta Igeldo herri independiente izatea batez ere gehiengo abertzalea duten erakundeen esku dago. Eta, jakina, gure erabakitze eskubideak urratzen eta ukatzen jarraituz gero, ez dugu etsiko ukapen lotsagarri hori beharrezko foro eta eragile guztien aurrean iruzur politikotzat aurkeztu eta salatu arte. Bada jarrerak eta akatsak zuzentzeko garaia.