GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Zer behar da Praileaitz behar bezala babesteko?

Labar-artean aditua, areago, espezialistarik handienetarikoa, Jean Clottes, bat dator Praileaitz haitzuloaren eta haren inguruari dagokionez, herri ekimenek, zientzialariek eta indar politiko eta sindikal gehienek aldarrikatzen duten erabateko babesa ematearekin; hots, Lakuako Kultura Sailak erabakitako babes gunea mendi mazela osora zabaltzeko eskaerarekin. Ikusteko dago Lakuak Clottesen txostena, norabide horretan jokatzeko aurreko eskaera guztiei gehituta, nahikoa izango duen jarrera aldatzeko, Clottesen txosten hori Kultura Sailaren beraren enkarguz egina izan arren. Ikusteko dago Lakuak jarrera aldatzen duen, kontu honetan erakutsi duen seta ez baita sinesten erraza, ez bada denen kontra eutsitako jarrera erakutsi duelako. Ulertezina da Lakuako Gobernuaren orain arteko jarrera, ulertezina haren egoskorkeria; baina larria ere bada, herritar eta eragileekiko, komunitate zientifikoarekiko, kultura munduarekiko eta ondare historiko-kulturalarekiko berarekiko ere errespetu falta itzela baita. Ulertezina, larria eta salatzeko modukoa horien guztien gainetik interes pribatuak lehenestea. Adituek behin eta berriz eman dute beren irizpena, zalantzarako tarterik uzten ez duena, baina Lakuarentzat ez da nahikoa izan. Atzo ezagutarazitako txostena ez da nolanahikoa, eta berretsi egin du irizpen hori. Nahikoa izango ote da oraingoan?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo