GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Manifestazioa izango da bihar Errenterian hamar gazte independentisten espetxeratzea salatzeko

Gari MUJIKA |

Independentziaren alde lanean, borrokan, jarraituko dutela berretsi dute atxilotu eta espetxeratu dituzten hamar gazteek. Oiartzunen egindako agerralditik bi egun besterik igaro ez direnean belaunaldi berriek independentziaren aldeko borrokaren testigua hartu dutela erakutsi eta gazte independentistek, Oiartzunen bertan, Euskal Herriaren alde borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa adierazi zuten atzo. Horrez gain, bihar, Errenterian egingo den manifestaziorako deia egin zieten euskal gazteei ere.

«Herri bat piztera goaz, etorkizuna independentzia!» lelopean abiatuko da bihar, 18.30ean, Errenteriako Alamedatik bederatzi gazte independentisten kartzelatzea gaitzesteko mobilizazioa. Hamargarren gaztea, aldiz, 6.000 euroko fidantza ordainduta aske geratu zen.

Guztiak, asteartean Oiartzungo prentsaurrekoan izan ostean, Donostiako epaitegi aurrean atxilotu zituen Polizia espainolak; hurrengo egunean Auzitegi Nazional espainoletik igaro ostean, espetxeratu egin zituzten Oarsoaldeko eta Barakaldoko gazte horietako bederatzi.

Astearteko atxiloketen karietara, gazte independentistek atzo Oiartzunen salatu zutenez, gertaera hori ere PSOEk independentziaren aurka darabilen estrategiaren barruan kokatu zuten. «Baina zergatik eraso egiten digute? Zer dela-eta desagerrazi nahi gaituzte», galdetu zuten.

«Konstituzioaren kartzela»

«Euskal Herria Konstituzio espainolaren kartzelan mantendu nahi dutelako, eta horretarako ezinbestekoa dute independentziaren bidean gaudenok paretik kentzea», gaineratu zuten.

Madrilen eta Parisen menpe «euskaldunok espainiar edo frantses izatera behartzen» jarraituko dutela salatu zuten, Euskal Herriaren eskubideak zapaltzen. Baina independentziaren eta sozialismoaren aldeko hautua egina dutela jakinarazi eta borroka horretan tinko jarraituko dutela berretsi zuten gazteek atxiloketak, torturak, espetxeratzeak... jasanda ere.

Bestalde, euskal preso politikoen eskubideen alde Ibarran 48 lagun kontzentratu ziren atzo -Ertzaintzak lagun bat identifikatu zuen-, 15 Iruñeako Arrosadian eta 50 Txantrean, eta 27 Berangon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo