GARA > Idatzia > > Kultura

Kantua izango du irizpide aurtengo Errobiko festibalak

Nazioarte eta lekuko artisten elkargune izango da, berriz ere, uztailaren 17tik 19ra iraganen den Itsasuko jaialdia. Hiru egunez, hainbat sorkuntza, eztabaida eta erakusketa eskainiko ditu kantua gai nagusi izanik.

p049_f02_.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi» bota zuen atzo Beñat Achiaryk aurtengo Errobiko festibalaren ildo nagusia aipatu nahian. Kantua izanen dute ardatz aurtengo egitarauan, eta horretarako, Euskal Herriko eta mundu zabaleko artisten arteko trukaketak izango dira nagusi. «2010an azalduko dugun hiri Pastoralari begirako edizioa da aurtengoa. Eta, kantuak, horrenbestez, garrantzia handia izango du», azpimarratu zuen Achiaryk.

Izan ere, kantuaren muinean sartzeko asmoa daukate antolatzaileek aurten. Eta, horretarako, emakumeak izango dira nagusi jaialdian. Uztailaren 17an , festibalak irizpide horren lehenengo irudia eskainiko du Yane Mareine eta Sandra Nkake Kameruneko kantariekin.

«Betiko kantuaren gaua» izenburupean bi ikusgarri nagusi eskainiko dituzte: Yane Mareine eta Claire Ackili antzerkilaria elkartuko dituen «Zaldi-zebraren pena» ikuskizuna, eta, Sandra Nkake eta lekuko beste hainbat artista bilduko dituen «Hitza pitz... kantuaren gozamena» sorkuntza. Bestalde, XIII.edizioa orain arte festibalaren baitan bideratu den lanaren jarraipena zela nabarmendu nahi izan zuen Beñat Achiaryk.

Sorkuntzak daukan garrantzitik at, lekuko eta kanpoko artisten artean urtero sortzen diren trukatze artistikoak nabarmendu zituen. Eta horretarako, emakumeetatik at, nazioarteko bi artista esanguratsu bildu dituzte: Carlo Rizzo pandero jolea eta Omar Sosa Kubako piano jolea. Azken hau jaialdiaren larunbateko gaualdiko gomita nagusia izango da bere Afreecanos hiruikotearekin.

Arte plastiko erakusketa

Hiru egunez, Errobiko festibalak egitarau zabala eskainiko du Itsasuko hainbat guneetan. Goizero, ohi den bezala, egunak Elizaldiako hitzaldiekin hasiko dituzte, eta, egunean zehar, artisten elkartzeak, haurrekin ibilaldiak edo baita pilota partidak ere izango dira.

Horretaz gain, Beñat Achiaryk Errobiko festibalean arte forma ezberdinak elkartzeko duen nahikeria azpimarratu zuen. Kantua, dantza eta musikarekin batera, arte plastikoak ere leku nagusi bat daukate.

Aurten, Jean-Patrick Magnoac eskultorearen lanak ikusgai izango dira. Hogei bat eskultura Sanoki gelan jarriko dituzte, eta, «Trames» deituriko obrak kanpoan. «Marrazkia eta plastikazko materian landuriko eskulturak dira Trames delakoak. Gardenak izanik naturarekin bat egiteko aukera ematen dute», erran zuen artistak. Jaialdia hasi aitzin antolatu dituzten tailerrak azaldu zituzten ere. Besteak beste, Carlo Rizzok panderoaren tailerra izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo